Asko ikasi dut eta nire balore eskala aldatu egin dut

Nafarroako Unibertsitateko hamabost unibertsitarioek egin duten bidaiak solidaritatea du helburu. Haien artean, Natalia Fernández Arrechea, Marta Unceta eta Sandra Díaz, donostiarrak, eta Estíbaliz Ugidos, bilbotarra

Natalia, Pilar eta Cristina

Egun horietan zehar Kampala-ko (Makerere University) beste unibertsitarioekin batera lan sail batean parte hartu dute, Goimendi Ikastetxe Nagusiak, Opus Deiren egintza korporatiboak, antolatua. Boluntarioek, Medikuntza ikasleak direnez, HIESek utzitako umezurtzentzako ikastetxe batean lan egin zuten, baita HIESen haurkako sentsibilizazio jarduerak burutu eta osasun hezkuntza saioak eman zituzten.

Etxeko arretan ere aritu ziren. Ugandako Medics Club-ekin elkarturik, gaixoei bisitak egiteari ekin zioten. Erakunde honek badu klinika mugikor bat Kampala-ko auzo pobreetako gaixoei osasun laguntza eskaintzeko.

Lan handiko egunak izan dira eta ez dira une gogorrak falta izan. Nataliak (Medikuntzako 4.kurtsoko ikaslea) dioenez: “gogorra izan zen, eta gainera malariaren aurkako tratamenduaren albo-ondorioak sentitzen genituen gorputzean”.

Zerk bultzatu zaitu hiru aste ematera gaixoen eta umezurtzen artean?

Urtean zehar denboraz eskas gabiltza, baina udan aukera zoragarria dago besteei laguntzeko. Lan sail honetan bio-osasun arloko lanaz gainera, matematika, ingeles hizkuntza eta katekesi eskolak ematen genituen umeei. Horretaz aparte, arkitekto baten eta herriko hiru langileen laguntzarekin, oilategi bat eraiki dugu. Horri esker, astean behin, arrautzak eta oilaskoa jateko aukera izango dute eta oilategia zaintzen ikasteko; aurrerantzean hori izan daiteke umezurtz batzuen bizibidea.

Medikuntza ikasten dugunok Kampala-ko auzo pobre batean gaixoekin esperientzia izateko aukera izan dugu. Ikastetxeko haurrei osasun azterketa egin genien ere; oinarrizko gauzak ziren: zauriak sendatu, malariak jota zeudenei sendagaia eman, oinarrizko higienea irakatsi…

Natalia eta Cristina

Makerere Unibertsitateko ikasleekin elkarlanean aritu zarete. Nolakoak dira Opus Deiko kideak Ugandan?

Egia esan, Teemba zentroko emakumeak aparteko pertsonak dira, izugarrizko lan ederra egiten ari dira han. Lituanian, Ugandan eta Iruñan, non ikasten ari naizen, ezagutu ditut Opus Deiko zentroak eta denetan espiritu bera gordetzen da.

Zu sendagile izango zara hemendik gutxira. Nola aurre egin HIES gaixotasunari Afrikan?

HIES problema izugarria da Afrikan. Ugandan, azken urte hauetan, gutxitu dira HIESez infektatuak. Ez da izan, ordea, preserbatiboen banaketa edo beste kontrazepzio kanpainen bidez. Gazteen artean, gaitz hau gutxitzeko, lehenik sexu harremanak ez izatea azpimarratu dute; bigarrenez, harremanak atzeratzea (batez ere arrisku taldeetan) eta azkenik, –azkenik berriro diot- preserbatiboa erabiltzea. Garrantzi handikoa da gaitz hau ezagutarazi eta gobernuek erantzukizunez har dezaten. Gauzak isilduz ez dago irtenbiderik arazoentzat, are eta gehiago hain kutsakorra eta hilkorra den eritasun honen kasuan.

Ikastolarako bidean

Arrainak oparitu ala arrantzan erakutsi?

Beti hobe arrantzan erakustea. Guk, adibidez, oilategia zaintzen irakatsi diegu, baita oinarrizko higiene arau batzuk, ongi lan egiten, gauza txikiak zainduz…

Gauza asko egin dituzue hiru astetan, baina zuk ezin duzu mundua aldatu.

Edo zeu zara aldatu zarena, topikoa bada ere?

Egia da hiru astetan ezin dela mundua aldatu, baina besteentzat lan egitea beti gauza ona da. Gainera, eman baino, hartu egiten duzu gehiago. Asko ikasi dut hango jendeengandik eta nire balore eskala aldatu egin dut. Proiektu hau, gainera, gure Unibertsitateko boluntarioak sentsibilizatzeko era bat zen. Hamabost pertsona joan gara, baina Ikastetxe Nagusi osoak parte hartu du.

Hemen ere gaixoak eta pobreak badira. Ez al da pixka bat turistikoa izan zure bidaia hori?

Alde batetik esan daiteke turistikoa dela; alde guztietan daude pobreak, baita gure familietan ere; baina dena bateragarria da eta, batzuetan, halako proiektuek jendea bultzatzen dute besteen alde lan egitera; sentsibilizazio kontua da, eta gero hurbilagoko inguruan, familian bertan, herriko zaharren artean, eta abar, nabarituko da.

Oroitzapenen bat?

Gertaera asko datozkit burura. Irribarretsu dira beti. Astean bi edo hiru aldiz argia joaten zen; ura ere bai. Noiz etorriko zen galdetzean, irribarrez esaten ziguten: “inoiz ez dakigu, ez du axolarik”. Beste batean, mutikoei eguzkia marrazteko eskatu genien eta, Samuelek, sei urteko batek, beltza eta iluna pintatu zuen eguzkia, baina geroago ikastetxeko mutiko irribarretsuena zen.