Badirudi etenik gabeko lana dela baina, egunez egun, asterik aste begiratuta, denetarako dago denbora.

Victor Gaubeka medikuaren erretiroa, ekimenez betea

Víctor Gaubeka mediku traumatologoak sortu zuen, 1997an, ONG GALAG (Garapena eta Laguntza). Antolakuntza horren egitekoa, zera da: gaixotasuna, adina, bazterketa, txirotasuna, familia-desustraitzea e.a.-en ondorioz beharrizanean dauden pertsonen laguntzarako programak antolatzea. Gaubeka doktorea Bermeon jaio zen 1935ean. Bere jaioterriko San Jose Ikastetxean Lehen ikasketak egin eta gero, Zaragozara joan behar izan zuen Batxilergoa eta, geroago, Medikuntza eta Kirurgiazko karrera egiteko, Lizentziatuaren titulua lortuz 1961-62 ikasturtean.

Geroago - azaldu digu -, Alemaniara joan nintzen espezialitatea egiteko. Oso aldi interesgarria izan zen, nahiz eta hizkuntza zela-eta ahalegin handiak egin behar. Han lortu nuen Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologian Espezialitatea. Gainera, Doktoretza egin nuen Münster-eko (Westfalia) Unibertsitatean. Baina, denen arteko garrantzitsuena, hau izan zen: Alemanian ezagutu nuen nire emaztea izango zena, Camino, han baitziharduen lanean Neuropatologiako Doktore ospetsu batekin batera.

Eta Euskadira itzuli zinen, ezta?

Bai. Ni mediku gazte bat nintzen eta, gainera, atzerrian espezialitatea egina zuena. Horretara, bada, laster aurkitu nuen lana, ezkondu nintzen, bost seme-alaba izan eta, Gurutzetako Ospitalean jardun nuen lanean Umeen Kirurgia Ortopedikoren Buru bezala, horrekin batera, kontsulta pribatuan ere jardunaz. Nire bizitza oso izan da normala. Beste edozein profesional familiako aitarena bezalakoa. Gainera, 1990ean, Opus Deiko kide izatea eskatu nuen.

Eta orain erretiroa. Buru-belarri egongo zara ONG-an lan eta lan baina kirola ere zerbait egiten duzu

Bai. Hala da. Asko nabil egunero; gainera, mendia ere oso dut gogoko. Baina, begira, erretiroaren aldi hau iritsi baino urteak lehenago hasi nintzen pentsatzen eta pentsatzen, egoera berri honetan, denbora nola beteko nuen asmatzeko. Jakina, lehenengo familia dago: nire emaztea, Camino, seme-alabak, familia orokorrean. Eta, gauzak zelan diren: GALAG (Garapena eta Laguntza) ONG-an urteak daramazkit jada; hori sortzeko ahalegin nahikoa egin behar bazen ere, gaur egun laurogeita hamarretik gora emakume eta gizon gaude bertan, boluntario aktiboak garenak, noizbehinkako laguntzaileak ere ditugula. Interes sozialeko erakunde bat gara, irabazteko asmorik gabekoa. Hasieran esan dizudan bezala, gaixo gaigabetuak eta gizartean desustraituriko pertsonak laguntzeari ekiten diogu bereziki. Profesionaltasun handiz egiteko saiatzen gara: bai laguntasuneko alderdietan - gure boluntarioak trebatuz eta kualifikatuz -, eta baita burokraziako edo denetariko arazoetan lagunduz ere. Pertsona horiek, gizartearen aldetik norbait direla ikus dezatela da guk nahi duguna. Badago arazotan!

Askotan, pertsona horien etxeetara joan eta euren familiakoekin hitz egiten dugu, animatu egiten ditugu, aholku praktikoak ematen dizkiegu... Baina, lan ordu gehiago, Bilboko Santutxu auzoan dauden Hermanitas de los Pobres-enean egiten ohi ditugu, non ia 120 zahar dauden. Eta, baita ere, Bilboko Santa Casa de Misericordia-n. Ehun bat pertsona zahar egongo dira hor. Lan egiten dugun beste leku bat, Conde Arizti Egoitza da, Cantalojas zubitik gertu.

Orduan, adinekoek lehentasuna dute zuen ONG-an?

Nik uste dut horretara etorri zaigula: bizitza bera izan da. Asko eta asko dira bakardadean bizi diren zaharrak, garai horretako berezko gaixotasun eta mugekin... edo gehituriko beste batzuekin, noski. Minezko inguruarekin kontaktuak asko irakasten du. Eta mediku batek diotsu ori.

Baina, edonola ere, arazoak dituzten pertsona gazteagoak, eta baita umeak ere, lagundu egiten ditugu. Adibidez, erakunde publiko edo pribatuei eskatuz ospitaleko ingurua gizatarrago egiteko; lana bilatzen jakin dezaten orientatzea...: egin beharreko zeregina da.

Ez dut uste denbora asko izango duzunik soberan.

Ez pentsa; alditxoren bat ateratzen dut Begoñako Amaganako debozioaren zabalkunderako. Hemengoei ez zaie ezer esan behar. Baina, direla hiru bat urte, Torreciudad-eko (Huesca) Santutegira erromesaldi bat egin genuen, Begoñako erromes irudi bat eramanez. Uste dut D. Ricardo, Gotzaina, pozik egon zela baina, gogo biziena zuena D. Jesus izan zen, Begoñako Basilikako parrokoa; foiletoak eman zizkigun, Amatxuren debozioaren propaganda egiteko aragoar lurretan. Gainera, Anaidikoak ere etorri ziren, Abata eta guzti; eta dantzariak ekarri zituzten, Ama Birjinaren aurrean dantzatzeko.

Ez esan gauza gehiago oraindik egiten dituzuenik...

Asko gehiagorik ez. Baina kontuan izan horrela, dena segidan esanda, etenik gabeko lana dela dirudien arren egunez egun, asterik aste begiratuta, denetarako dagoela denbora.