Bilbotik Mexikora, ikasturteak izandako hutsuneak betetzera

Komunitate txiroekin harremanetan jartzean gauzak aldatzeko gogoa sentitzen duzu, zeure ingurutik hasiz

Gezurra badirudi ere, hogei miloi biztanle baino gehiago daukan Mexiko Hiritik ordu betera planetako eskualderik txiroenetako bat dago: Chalco arana. 2000 metrotik gora dagoen gune menditsu honetan bi miloi pertsona bizi dira pilatuta. Txaboletan bizi dira, asko eta asko argindarrik gabe, dieta urriarekin, apenas otordu bat egunean eta osasun eta garbitasun egoera negargarrian.

Familiek seme-alaba ugari daukate eta euren etorkizuna guztiz zalantzagarria da, gehienek gurasoek daukaten bizimodu berbera izango dute-eta. Beharbada, txirotasunetik ateratzeko daukaten aukera bakarra hamasei urterekin bigarren mailako ikasketak amaitzean ikasketa-espediente ona lortzea izan daiteke. Gutxi batzuk bakarrik, ikaslerik onenek soilik, lortu ahal izango dituzte hiriburuan unibertsitateko ikasketak egiteko gobernu mexikarrak ematen dituen bekak.

Bidealde Ikastetxe Nagusiko dozena bat boluntariok geure burua eskaini genion Mexikoko Unibertsitate Panamerikarraren gobernuz kanpoko erakundeari. Gure zeregina sei eta hamabost urte bitarteko ikasleentzat udako eskola antolatzea izan zen. Jarduerak lau aste iraun zuen eta ikasturteak izandako hutsuneak betetzeko ikasketa plan zorrotza landu genuen. Amerikan Mexiko da lan-absentismo maila handienetakoa daukana eta irakasle asko ez dira joaten ikastetxe publikoetara eskolak ematera

Goizero Acuautla ikastetxera autobusez joaten ginen. Han hirurehun ikasle baino gehiago izaten genituen zain. Umeei espainola, matematika, gorputz-hezkuntza, antzerkia eta musika irakasten genien. Bilatzen dena zera da, boluntarioen artean elkartasunerako kultura piztea.

Egia esan, arazo berriei aurre egiten ikasten duzu eta laguntzen ditugun komunitate pobreekin harremanetan jartzean gauzak aldatzeko gogoa sentitzen duzu, zeure ingurutik hasiz. Eskuzabaltasuna eta elkartasuna funtsezkoak dira. Ume mexikarrak oso atseginak dira, eskuzabalak eta zintzoak. Eskolara heltzen garenean zain dauzkagu, irribarre zabala ezpainetan daukatela. Esperientzia hori beti izango dut gogoan.

Santiago Zayas