D. Rikardo Blazquezek, COAS irakaskuntza taldearekin

“Hezkuntzaren makiltxo magikoa gurasoek daukate” nabarmendu zuen Bilboko Gotzainak

Ehunka lagunek, sendi-elkarteek eta Bizkaiko parrokia-taldeek hartu zuten parte COAS irakaskuntza taldeak antolatutako ‘Sendia, Hezkuntzaren protagonista’ izenburu zuen jardunaldian. Bilboko Gotzaina D. Rikardo Blazquez ere bertaratu zen, baita Francisco Borras, pastoraleko promozio koordinatzailea dena, Valentzian uztailaren 8-9an Benedikto XVI.arekin ospatuko den Sendiaren Munduko Topaketarako (V. SMT).

Itxaro Sorozabalek, Ayalde ikastetxeko zuzendaria, aurkeztu zuen jardunaldia. ‘Gurasoek zein ikastetxeak hauts magiko berberak erabili behar dituzte haurrak harritzeko, motibatzeko eta irakasteko, baina gurasoek behar dute izan hezkuntzaren makilatxo magikoa’ eman zuen aditzera aurkezleak. Beraz, ikastetxea ezinbestekoa izanda ere balore batzuen transmisioan laguntzeko, gurasoak dira erantzule handienak eta ezin utz dezakete hezkuntzaren zama osoa ikastetxearen esku.

D. Rikardok, berriz, ‘familiaren garrantzia’ azpimarratu zuen, ‘gaur kontraesan bat jasan arren: alde batetik gizartearentzat erakunderik balioetsiena da, baina kanpo aldetik gutxien defendatzen dena eta, batzuetan, mehatxatua’.

Senar-emazteek eta sendiak seme-alaben hezkuntzan duten garrantziaz ere aritu zen, “giza ikuspegitik eta kristau ikuspegitik’, eta ‘familia benetan ordezkaezina’ dela esan zuen. Sendiak, ikastetxeak eta parrokiak triangelu erabakigarria osatzen dute hezkuntzan. Horregatik, hiruren arteko koordinazioaren eta elkarreraginaren beharrean dago neska-mutil hauen etorkizuna, neurri handi batean.

Francisco Borrasek Sendiaren Munduko V. Topaketa aurkeztu zuen Bilbon lehen aldiz. Valentzian bizitzen ari den giroa gureganatu zuen, nazioarteko gertakizun honen antolakuntzan eta bere departamentutik abiarazten ari diren marketing eta promozioko ekintzetan.

V. SMT Aita Santuak hiru urtero egiten duen deialdia da, familiekin jardunaldi bat ospatzeko. Bost kontinenteetako ehunka mila sendi biltzen ditu, kristau familiak eliz etxetiar bezala duen eginkizunaz sakontzeko. Hurrengo SMT Valentzian ospatuko da, 2006ko uztailaren 8 eta 9an. Aurreko topaketak Erroman, Rio de Janeiron eta Manilan izan ziren.

Joan Paulo II.ak V. SMT honetarako proposatu zuen goiburua ‘Sinesmenaren transmisioa familian’ izan zen, eta berori da gertaera honetarako prestakuntzarik hoberena.

Azkenik, nabarmendu nahi genuke Cissé Luc Mbongok eta Annie Habimanak, Kongoko senar-emazteak helarazi ziguten esperientzia. Bost seme-alaben gurasoak dira mediku hauek. Hutu eta tutsien arteko sarraskiengatik atera behar izan zuten Kongotik, bata hutu izanik, eta bestea tutsi. Gaur egun hemendik ematen diote laguntza bere herriari, heziketa eta osasun proiektu batzuk sustatuz.