Emakume arabarra, idazle, erbesteratua eta Opus Deiko kidea

Datorren urtean ospatuko da Ernestina de Champourcin (1905-1999) idazlearen mendeurrena. Poeta gasteiztarrari buruz Rialp argitaletxeak kaleratu duen liburua aurkeztu da Gasteizen. Egilea, Beatriz Comellas historialaria. “Ernestina de Champourcin. Del exilio a Dios” tituluarekin, biografia labur bat eta gai erlijiosoko olerki bilduma, “Via Crucis “ besteen artean, eskaintzen zaigu.

Ernestina de Champourcinek, generación del 27ko idazleen artean emakume gutxietako bat zenak, gaztetandik izan zuen adiskidetasuna ospe handiko idazle batzuekin, hala nola Luis Cernuda, Gerardo Diego, Rafael Alberti eta, bereziki, Juan Ramón Jimenezekin. Honen ikasle sentitzen zen, Beatriz Comellasen esanez. Juan José Domenchina, Manuel Azañaren idazkariarekin ezkonduta, Mexikora erbesteratu ziren Espainiako gerra zibilaren amaieran.

Comellasek idazlearen alde ezezagunetariko bat azpimarratzen du liburu honetan: erbestean jasan zuen eraberritze espirituala. Garai hartan, Mexikon, Opus Dei ezagutu zuen eta 1952an erakunde honen kide egin zen. Urte haietako bere poesia oparoaren gaiek idazlearen barne-berritzea islatzen dute. Gainera, Mexikon, Opus Deik eskualde apaletan sustatutako ekintza sozialetan parte hartu zuen.

1972an Espainiara itzuli zen. Gaztelaniazko Literaturako Euskadi Saria jaso zuen 1989an, Mujer Progresista Saria ere eman zitzaion eta Príncipe de Asturias Sariaren hautagai izan zen 1992an. Arabako Foru Aldundiak 1990etik aurrera bere izena daraman poesia saria iragartzen du urtero. Bere sorterria, Gasteiz, bisitatu ondoren, Madrilen hil zen.

Liburuaren aurkezpenean, Indar eta Elkar gazte elkarteen guraso batzordeek antolatuta, egileaz gain, Jose Angel Ascunce, Literatura Katedradunak, eta Laura Marinas, poeta gasteiztarrak, parte hartu zuten.