Erlojuaren kontra bizi gara, probetxurik handiena denborarik gutxienean lortu nahian

Ikasleek antolatutako osasun-zerbitzuan banatu diren produktuak Nafarroako Gobernuaren diru laguntzaz lortu dira; besteak beste, 1.500 betaurreko eraman dituzte, bigarren eskukoak eta graduazio guztietakoak

Javier, Josemaria eta David, herriko umeekin

Nairobitik 80 kmra, Masiin - Matxakos probintzian – duela hamar urte osasun-zerbitzu bat antolatu zuten medikuntzako ikasleek. Harrezkero eten gabe jarraitu dute lan honekin udetan. Nafarroako Unibertsitateko Belate Elkarte unibertsitarioa da antolatzailea, ONAY gobernuz kanpoko erakunde baten laguntzaz eta Strathmore Educational Trust bertako bazkide duela. Guztira 150 ikaslek parte hartu dute urte hauetan.

Oskar Torre bilbotarra, medikuntzako 6. ikasturteko ikaslea, gehien joan direnetakoa dugu.

Zer eginkizun duzue?

Oinarrizkoena kontsultategiko lana da. Aurrena zenbait kontsulta-gela prestatu behar dira, sendaketa gela, botika-gela eta harrera antolatzea ere bai. Infekziozko gaixotasunen tratamenduak eta sendaketak egiten ditugu: zauriak, garbiketak, abszesuak eta abar. Erabiltzen ditugun produktuak Nafarroako Gobernuaren diru laguntzaz edo dohaintzen bidez lortzen ditugu; eta guk dohain banatzen ditugu, noski. Besteak beste, 1.500 betaurreko eramango ditugu aurten, bigarren eskukoak eta graduazio guztietakoak. Era berean, eskoletan osasun heziketa hobetzen saiatzen gara hitzaldiak emanez eta liburuxkak banatuz.

Iñaki kontsultategian

Zer egoeratan dago eskualdea?

Topiko bat izan arren, baliabideen gabeziak bizitzako esparru guztiak eragozten ditu: elikadura, hezkuntza, garbitasuna, arropa, azpiegiturak... Dena zaildu egiten du. Batzuetan, beste planeta batean zaudela ematen du. Kontsultategian botikak eta osasun materiala falta dira; gainera, ez dago haren ardura daukan medikurik.

Zer ikas dezake unibertsitario batek lan gune honetan?

Gauza asko. Materialismo eta kontsumismoak itota gaudela. Guzia presaka egiteko gaitzak jota bizi gara, probetxurik handiena denborarik gutxienean lortu nahian. Hemen estresa da nagusi. Han, pazientzia handia duten pertsonengandik ikasi egiten duzu. Ez dira erlojuaren aurka aritzen eta maite erakutsiak eskertu egiten dizkizute. Ikusgarria da, gainera, oinazeak eramateko erakusten duten sendotasuna. Garbi ikusten duzu txorakeriengatik kexatzen garela gu. Ia ezer ez daukaten arren, oso eskuzabal dira.

Aldi berean, Kenyako kulturatik ere asko ikasten dugu, lan gune hau asko laguntzen diguten Kenyako unibertsitarioekin batera egiten baitugu.