Eskerrik asko, Jutta!

Unibertsitateko Teologia irakaslea

Ostiralean, azaroaren 5ean, goizeko 8tan, joan zaigu Jutta Burggraf, Unibertsitateko Teologia irakaslea. Klinikan hil da, aurtengo -2010eko apirilean Teologia Sinposioaren buru zela aurkitu zioten leuzemia larri baten kontra bere indar guztiz eta Jaunagan uste osoa jarriz borrokatu ondoren. Sinposioa, konbertsioaren gaiari eskainia, goi-mailako teologo espezializatuak eta, haiekin batera, konbertsioaren lekuko izanak bildu zituen.

Gaitzak ahulduta eta indargabetuta dagoeneko, berarekin igaro genituen jardunaldi haiek eta hunkiturik gelditu ginen Mariqui Dueñas, Paola Benetti eta Etsuro Sotooen, Familia Santuaren eskultorearen narrazioekin, Jutta jasaten ari zen gaitzaren sintomak ohartu gabe. Alderantziz, berak ohi zuen bezala, beti irribarre zabal batez eta arreta handiz hartzen zuen gure edozein zalantza edo iradokizun, baita gogoz mintzatzen zen jardunaldiek sortzen zituzten gogoetei buruz. Eskerrik asko, Jutta, eskaini zenigun azken ahalegin horregatik, zure ingurukoen alde eman duzun bizi emankorraren luzapena, hain zuzen!

Teologoa, aspertu gabe Egia bilatzen zuena eta Ongiaren jarraitzaile sutsu, bere zereginak eta bere biziak askatasuna zuten buru. Bilatu, hautatu eta bere indar guztiak hartu zuen helburua lortzen jartzen zituen. Halako aisetasuna ematen zion bere gogoz egindako hautapen honek, ez zuela ematen aurrera eramatea kosta zitzaionik. Horrela eman zituen eskolak. Horrela idatzi zituen bere liburuak, ideia erakargarriz eta kutsu berri batez beteak. Arretaz irakurtzen zituenak jarrerak ikasi eta bertuteak lantzen ikasten zuen.

Bere adiskideen adiskide, bihotza mundu zabalera irekita, Juttarentzat, pertsonak zeuden beste gauza guztien aurretik. Hauxe, esaera ezagun bat badirudi ere, beragan egunero bizi ohi zuen errealitatea zen. Teologia Fakultateko unibertsitario guztiek baiezta dezakegu: Lankideek, ikasleek, hainbat zerbitzuetan lan egiten dutenek, Fakultatearen bizitza aurrera joan dadila posible egiten dutenek: denen asmo, lan, oinaze eta aldi pozgarrietan parte hartzen zuen Juttak.

Ezeren ez inoren aurrean ez zen axolagabe agertzen. Pertsona bakoitzaz arduratzen zen. Ahul eta behartsuenen alde zuen joera berezia. Bere bulegoaren atea zabalik zegoen denontzat. Baina, norbaitek lehentasuna izatekotan, ikasleak ziren horiek: norbaitek deitzen bazion, Juttak begirada batez adierazten zion aurrean zeukan lankideari, lekua utzi behar ziola Fakultatera laguntza eske etorri berria zenari, edota orientazioa behar zuen doktoregaiari.

Esan bezala, Juttak askatasuna maite zuen, eta bera ere askatasun sendoko pertsona zen, beraz, ona. Izenondo hau letra larriz idazteko gogoz nago: ez dut egingo. Irakur dezala bakoitzak nahi bezala. Horregatik ez nau harritzen teologo alemaniar honek utzi badigu, teologo eta alemaniarra den Aita Santu batek Espainiara etorri behar zuen egunaren bezperan uztea: berari bidea prestatzeko zerbitzu bailitzan. Horrela ikusten dut nik.

Klinikako beilatokian emandako meza batean, gorpua aurrean zegoela, apaizak esan zuen Juttaren ikasle asko zeuden nazioarteko Seminario batean bizi zela. Azaroaren 4an, gauez, Jutta egoera larrian zegoela jakin zutenean, eta hilaren lehenengo ostiral bezpera zenez, Sakramentu Santuaren aurrean egin zuten gaueko beila, Juttarengatik eskatuz Jaunari. Hil zen egunean, agian, berak “itzuli” egin die mesedea: haietako ikasle bat bizikletan Teologia Fakultatera zetorrela, auto batek harrapatu zuen, eta hamar metro gora egotzi zuen. Ez zitzaion ezer gertatu. Eskerrik asko, Jutta, mesede honengatik ere. (Nafarroako Unibertsitateko Webgunea)