Fundatzailea

Josemaria Escriva de Balaguer Barbastron (Huesca, Espainia) jaio zen 1902ko urtarrilaren 9an.

Bere gurasoek Jose eta Dolores zuten izena. Bost anai-arreba izan zituen: Carmen (1899-1957), Santiago (1919-1994) eta beste hiru arreba bera baino gazteagoak, haurtzaroan hilak. Escriva senar-emazteek kristau heziera sakona eman zieten beren seme-alabei.

1915ean aita, ehungintza industrialaria, Logroñora aldatu behar izan zen bizitzera bere negozioak porrot egin zuenean, eta han beste lan bat aurkitu zuen. Herri horretan, Josemaria bere goi-deiaz ohartu zen lehenengo aldiz: erlijioso oinuts baten aztarnak elur gainean ikusi ondoren, Jaungoikoak berarengandik zerbait nahi duela sumatzen du, nahiz eta ez jakin zehazki zer den. Apaiz eginda errazago jakingo duela pentsatuz, Logroñon lehenik eta Zaragozako seminarioan gero, prestatzen hasten da. Bere aitaren aholkuari jarraituz, Zuzenbide karrera zibila ere egingo du Zaragozako Unibertsitatean, ikasle libre bezala. Don Jose Escriva 1924an hiltzen da eta Josemaria familiako buru gelditzen. 1925eko martxoaren 28an apaiz ordenatzen da eta bere ministeritza hasten du, landa parrokia batean hasieran eta Zaragozan gero.

1927an Madrilera aldatzen da, bere apezpikuaren baimenarekin, Zuzenbide doktoregoa lortzearren. Madrilen, 1928ko urriaren 2an, urte batzuk aurretik goiargitzen ari zitzaion misioa ikusarazten dio Jainkoak, eta Opus Dei eraikitzen du. Egun hartatik aurrera, bere indar guztiez lan egiten du Jainkoak eskatzen dion fundazioaren garapenean, urte haietan bere esku jarri zioten ministeritza pastoralean jarraituz aldi berean; lan horrek gaixotasun eta pobretasunaren aurrean jartzen du Madrileko ospitale eta behe mailako auzoetan.

1936an, gerra zibila hasten denean, Josemaria Madrilen dago. Erlijioagatiko jazarpenak leku desberdinetan gordetzera behartzen du. Apaiz ministeritza ezkutuan betetzen du, Madriletik irtetera lortzen duen arte. Frantziako hegoldaeraino Pirinioak gurutzatu ondoren, Burgosera doa.

1939an, gerra amaitzean, Madrilera itzultzen da. Hurrengo urteetan laiko, nahiz apaiz, nahiz erlijiosoentzat gogo jardunaldi ugari zuzentzen ditu. 1939an bertan Zuzenbide Doktorego ikasketak bukatzen ditu.

1946an Erromara aldatzen da bizitzera behin betiko. Latrango Unibertsitatean Teologiako Doktoregoa lortzen du. Vatikanoko bi Kongregazioren aholkulari izendatzen dute, Teologiako Erromatar Akademia Pontifikalaren ohorezko akademiakide eta Aita Santuaren ohorezko prelatu. Vatikanoko II. Kontzilioaren prestaera eta bilerak arretaz segitzen ditu (1962-1965) eta kontzilioko guraso askorekin harreman estuak gordetzen ditu. Erromatik Europako nazio desberdinetara bidaia asko egiten ditu, leku haietan Opus Deiren ezarpena eta bermatzea bultzatzearren. Helburu berarekin, 1970. eta 1975. urteen artean bidaia luzeak egiten ditu Mexiko, Iberiako Penintsula, Hego Amerika eta Guatemalan zehar, eta han, gainera, katekesi bilerak izaten ditu gizon eta emakume multzo handiekin.

Erroman hiltzen da 1975eko ekainaren 26an. Milaka pertsonak, horien artean nazio desberdinetako apezpiku askok –denean munduko apezpiku guztien herena–, haren kanonizazio auzia zabaltzea eskatzen diote Aulki Santuari.

1992eko maiatzaren 17an, Joan Paulo II.ak, San Pedroko plazan, 300.000 pertsonen aurrean, Josemaria Escriva de Balaguer dohatsu aitortzen du. “Naturaz gaindiko intuizioz”, esan zuen Aita Santuak bere homilian, “Josemaria dohatsuak aspergabe irakatsi zuen santutasunerako eta apostolutzarako dei unibertsala”.

Hamar urte geroago, 2002ko urriaren 6an, Joan Paulo II.ak santu aitortzen du Opus Deiren Fundatzailea San Pedroko plazan, 80 nazio baino gehiagoko jende multzo baten aurrean. Aita Santuak, kanonizazioan parte hartu zutenei egindako hitzaldian, esan zuen: “Jaunak aukeratu zuen san Josemaria santutasunerako dei orokorra iragartzeko, eta eguneroko bizitza, eginkizun arruntak, santutasun bide direla adierazteko. Gauza arrunten santua dela esan daiteke”.