Gasteiztar peto-petoa naiz eta sentitzen naiz

Juan Ignacio Arrieta arabarra, Lege-idazkietarako Erromako Batzordearen idazkari izendatu berria

Batzarkideen artean

Benedikto XVI.ak Francesco Coccopalmerio, Lege-idazkietarako Erromako Batzordearen presidentea izendatu du. Idazkaritzaren buru Juan Ignacio Arrieta Otxoa de Txintxetru apaiz arabarra jarri du. Arrietak 55 urte ditu, Zuzenbide Kanonikoko eta Jurisprudentziako doktorea da, 1977an apaiztu zen eta Opus Deiko Prelatutzako kide da.

Nola hartu duzu izendapen hau?

Harritu egin nau oso, egia esan behar baldin badut. San Pio X. Institutuko Presidentea nintzen 1984tik, Erroman, eta hor segitzea zen nire asmoa.

Zuzenbide Kanonikoko Elizako aditutzat zauzkate...

Hogeita hamar urte aritu naiz unibertsitatean Zuzenbide Kanonikoa irakasten, Iruñan aurrena, eta Erroman eta Venezian geroago. Enkargu berri hau lan aldaketa nabarmena da niretzat, baina, Jauna lagun, ondo engranatzea espero dut, Aita Santua ahalik eta hoberen zerbitzatzeko.

Zer oroipen dituzu Gasteizen igarotako haurtzaroaz eta gaztaroaz?

Lau urte nituenetik "Coras"-ko ikastetxera joan nintzen eta hantxe ikasi nuen unibertsitatera joan nintzen arte. Floridako parkea eta Sendako pasealekua izan dira, bada, nire bizitzako lehen urteetako jolastokiak. Ondo gogoan dut, adibidez, La Floridako neurri handiko Jaiotza, artzainen eta ardien irudiekin, Gasteizko neguaren gogorrenean elur geruza batez estalita batzuetan. Baita Txotxongilo saioak ere, lagun guztien artean antolatzen genituenak Florida kaleko lorategi itxi batean. Gorbeiara eta Zaldiaranera egiten genituen ibilaldiak ere gogoan ditut, edo Olarizu eguneko jaia ere. Mila bizipen, bihotzean gordeta ditudanak.

Noiz irten zinen Gasteiztik?

Batzordeko mahaiburu

1968an Iruñara Zuzenbide ikasketak egitera joan nintzenez geroztik bizi izan naiz Gasteiztik kanpo. Baina ez dut galdu nire hiriarekiko harremana, hantxe baitauzkat aita-amak, Bego nire arreba eta nire osaba-izebak eta lehengusuak, Arrietatarrak eta Otxoatarrak, hiru hiriburuetan sakabanaturik. Gainera, Gasteizen ditut eskolako lagunak; beti izan ditugu harreman estuak koadrila osatzen genuenen artean. Izan ere, gasteiztar peto-petoa naiz eta sentitzen naiz, aspalditik Gasteiztik kanpo bizi arren