Gobernuz kanpoko erakunde honek enpresa heziketa programa bat diseinatzen du

Zabalketak berrogei enpresa sortzeko laguntza eskaini die terrorismoak ihes eginarazitako emakumeei Medellinen (Kolonbia)

Zabalketa euskal erakundeak berrogei enpresa txiki sortzeko laguntza eman die berrehun emakume baino gehiagori Kolonbiako Medellinen. Emakume hauek bortizkeria terroristaren biktima dira eta proiektuak trebakuntza eta aholkularitza teknikoa eskaini die kreditu funts baten bidez enpresa haiek abian jartzeko. 190.000 euroko aurrekontuaz hornitutako ekimen hau burutzear dago jadanik, finantzazioaren % 70 Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartu duela.

La Ceja herrian garatzen ari da proiektua, terrorismoak Kolonbian gehien zigortzen duen eskualdeetako batean, alegia. Herriak 52.000 bizilagun ditu eta Medellinetik, Antiokiako Departamenduko hiriburutik alegia, 40 kilometrotara dago. Bere kokapen geografiko eta bere urbanismoaren egitura direla eta, milaka lagunei egiten die harrera hiriak, Kolonbiako hainbat aldetatik etorriak bortxakeriak uxatuta. Gizakien pilatze trinko honek egongaitz egin du herria eta baita langabezia areagotu eta familien deskonposizio eta desegituratzea eragin ere.

Antiokia aldean hainbat gerrilla eta talde paramilitar jarduteaz gain kokaina ere landatzen eta biltzen da. Horren eraginez, gizonezkoek beren familiak bertan behera utzi dituzte eta emakumeek beren gain hartu behar izan dute bizimodua ateratzeko ardura. Alde honetara bultzaturiko emakumeek bakarrik heldu osteko lehenengo egunetan jasotzen dute zenbait laguntza udaletik, “baina gero bertan behera lagata geratzen dira erabat”. “Larrialdi kronikoko egoera da hau, dena euren sorterrian utzi baitute eta ez dutelako ezer ere beren mantenurako”, dio Jaime Bernar-ek, Zabalketako proiektuen zuzendariak eta ekimen honen koordinatzaileak.

Euskal GKEa elkarlanean aritzen da bertako Micoempresas de Antioquia-rekin, zeinekin batera autoenplegua sustatzeko proiektu bat taxutu duen. 2003an abiarazitako proiektu hau azken txanpan dago orain, identifikazio eta diagnostiko lehenengo fase bat gainditu eta gero, emakumeen arazo eta interes profesionalak zeintzuk ziren aztertzeko xede zuena.

Behin lan proposamen bideragarrienak definitu eta gero, trebakuntza eta aholkularitza tekniko fase batera igaro zen mikroenpresak ahalik eta arrakasta handienaz abian jartzeko asmoz. Hona, besteak beste, emakumeek jasotako ikastaroak: Bizitza proiektuari eta enpresa mentalitateari buruzko tailerrak, heziketa teknikoko ikastaroak, administrazio lanean aritzeko gaikuntza eta negozio planetarako aholkularitza. Azken fasean kreditu funts bat eratuko da ekimenok gauzatzeko.

Prozesu honetan “talde lana” egitea lortu dute, dio Jaime Bernar-ek, eta baita liderrak atera ere enpresak sustatzeko eta lanpostuak gizataldearen barruan sortzeko gaitasunarekin. Gaur egun 210 emakume prestatzen ditu proiektuak, urtebetean hainbat motako 40 enpresa txiki eratuko dituztenak. Onuradunen kopurua 400ren bat pertsonakoa izango omen da.

Proiektuaren koordinatzaileak kontatzen duenez, “ekimen gehienak zerbitzu sektoreari dagozkio, adibidez okindegiak, ile-apaindegiak eta aurrez prestaturiko janariko saltokiak; bestalde, asko dira ehungintza sektorekoak (arropa eta jantzigintzako dendak, ulerbidez) eta badago lehengaiak eraldatzeko eskulangintzako sektore garrantzitsua ere: zenbait landare eta loreetatik xaboiak eta kosmetika produktuak egiteko olioak eratortzen dira”.

Iniziatiba honen azken fase gisa abian jarriko dira enpresok, 53.000 €ko kreditu baten bitartez eta Zabalketak eta Microempresas de Antioquia-k garatuko duten jarraipen planaren euskarriz. Fase honen helburua ez da soilik proiektuen finantzazioa, baita inbestimendua nola burutzeko aholku eskaini ere, proiektuaren bideragarritasun eta iraunkortasuna bermatu aldera. Proiektu hau programa zabalago baten osagai da, eskualdean autoenplegu eta gaikuntza sustatzeko xede duena, eta zeinen bidez dagoeneko 10.000 lanpostu sortu diren.

Proiektuaren aurrekontua 189.771 €koa da. Hauetatik, 136.580 Bizkaiko Foru Aldundiak ekarri ditu eta gainerakoak kolonbiar bazkideak.

Jaime Bernan-ek dioskunez, emakumeen erantzuna harritzeko modukoa izan da. Lehendabizikoan fidagaitz agertu ziren proiektuaren arrakastaren inguruan baina gero sinesten hasiak dira bizimodua ateratzeko lanpostu bat lortu dezaketela.

Ia urte pare bat zeramaten eskualdean inork laguntzen ez ziela eta etsipenak jota zeuden. Dena aldatu zen trebakuntza eta diagnostiko saioak hasi orduko, konturatzen hasi baitziren proiektua erabilgarri izan zitekeela. Bere arazoek itota, etorkizunari baikor begira ezin diezaiokeen jendea, egun badute esperantzarik.

Jaime Bernar proiektu koordinatzailearen esanetan ekimen honen bidez emakume talde honen autoestimazioa sendatzea lortu dute, bortizkeriatik ihesi, Kolonbiako alde askotatik etorritakoak baitira maiz asko, haietaz inortxo ere arduratzen ez dela. Proiektua sendotu eta aitzinatu ahala emakumeek “etorkizunarekiko itxaropena berreskuratuz joan dira” eta gogotsu ekin diote euren familiak aurrera ateratzeari.