Gurasoak dira beren seme-alabak hazteko eskubidea duten bakarrak

Amaia Segovia, Donostiako Eskibel Ikastetxeko irakasleari, HLOri buruz egindako elkarrizketa

Irakasle bezala, nori eragiten dio gehiago HLOk, ikasle edo irakasleei?

Ukaezina da bi taldeetan izango duen eragina. Ikasleek errazago izango dute esfortzu handirik gabe kurtsoak gainditzea. Irakasleek, ordea, zailagoa ikasleak motibatu eta beraien autoritatea geletan erabiltzea. Ikusten denez, galerak handiak izango dira guztiontzat.

Zertan Heziketa Estatuaren esku uztearen beldurra?

Gurasoak dira beren seme-alabak hazteko eskubidea duten bakarrak. Estatua, beraz, laguntzaile gisa suertatzen da gizartean. Hori ez egitearen arriskua argi dago: denek izango dute tratamendu bera, bakoitzaren nortasuna eta beren gurasoen asmoak kontuan izan gabe. Horrek benetako askatasuna murrizten du, baloreetan oinarritutako heziketa emateko orduan, gurasoak baitira oinarritzat hartuko diren balore horiek zeintzuk diren aukeratu behar dituztenak. Estatuari ez dagokio asmo horiek aurrera eramateko baliabideak eskura jartzea baino.

Egunero ari zara ikasgeletan, norantz bideratuko zenuke heziketa sistemaren erreforma?

Dudarik gabe, esfortzuaren balioa eta guraso eta irakasleen autoritatearen berreskurapenerantz. Gaurko gizartean errazegi lortzen dugu dena, azkarregi goaz. Balio handiko gauzak ez dira ahalegin eta lan askorik gabe lortzen. Azkarregi lortzen dena, azkarregi bukatzen da, ez da iraunkorra. Eta edozein pertsonak, oinarri iraunkor eta sendo bat behar du bere bizitzarako. Hori ez da egun batetik bestera lortzen, txikitatik baino.

Zein da zure iritzia Hiritartasunerako Heziketa irakasgaiari buruz?

Pertsonek gu gainditzen gaituen zerbait edo norbaitenganako sinesmena behar dugu. Horrek laguntzen gaitu gure ekintza guztiak beste ikuspuntutik begiratzera. Horrek egingo gaitu hiritar onak izatea. Ezin da edozein lege onartu, are gehiago pertsona beraren kontra badoa eta zer esanik ez, gure barnean daramagun lege natural horren aurka badoa. Irakasgai berri honen bidez sinestarazi nahi omen digute, gure bizitza gidatzen dutenak Estatuak eta beren erakundeek ezartzen dituzten legeak direla. Eta hori ezin da onartu.