Hurrengo igandean zu noiz agertuko zain irrikan daude, kafe bat hartu eta paseatzera joateko

Pedro Ruiz, Valle del Roncal urrituen zentroko boluntarioa

Solidaritatea giza balore bat bada ere, ezin uka bizitzaren erlijiozko ikuspegi batek zentzu beteagoa ematen diola boluntariotzari

Pedro Ruizek Medikuntzako 5. ikasturtea estudiatzen du Nafarroako Unibertsitatean, eta Belagua Ikastetxe Nagusian bizi da. Lehenengo ikasturtetik UAS (Universitarios por la Ayuda Social) elkartearekin lanean aritzen da Minusbaliatuentzako arloan, eta bigarren ikasturtetik hona arlo horretako koordinatzaile dihardu.

Zertan datza zure lana?

Boluntariorik ez zegoela esan zidatenez, arlo honetan hasi nintzen lanean eta, egia esan, benetan gustura aritzen naiz. Zentroak “Centro Valle del Roncal” du izena eta beronetan adin guztietako pertsonak daude, denek ezgaitasun psikikoren batek jota eta beste batzuk baita minusbaliotasun fisikoren batek erasanik ere. Gure lanaren helburua haiekin alditxo batez dibertitzea da, bizi diren eguneroko kontuetatik haiek ateratzeko asmoz. Normalean, zentrotik hurbil dagoen parke batean paseotxo bat ematera goaz eta azkenean kafe bat hartzen dugu elkarrekin, haiei ilusio berezia egiten diena. Oso egiteko atsegina da niretzat, maitasun handia hartzen diezu, boluntario lanetan ari zaren sentipena ere galtzen duzularik. Hasitakoan asko kolpatzen zaitu, nola erreakzionatu ez dakizularik. Sentitu ere, ezeroso samarrik sentitzen zara, baina gero, haiek zu ezagutu ahala zure izena ikasten dute eta jada ez zaituzte ahanzten. Hurrengo igandean zu noiz agertuko zain irrikan daude, kafe bat hartu eta paseatzera joateko.

Horrez gain, ahaleginak egin ditugu zentro honetako egoileek ohikoak ez diren jarduerak ere burutu ditzaten, etxetik hurbil paseoak ematera mugatu gabe. Eguberritan, Unibertsitatearen Gabon kanten lehiaketa dela eta, saiatzen gara “Centro Valle del Roncal”eko gure adiskideek ere gabon kanta bat abestuz parte har dezaten. Ondo baino hobeto pasatzen dute eta pertsona hauen integraziorako oso lagungarri gertatzen da. Unibertsitatearen Kirol Egunean ere haiekin parte hartzen dugu eta aktibitateren bat antolatzen dugu.

Zure ustez ba ote du zentzurik Unibertsitateak horrelako ekimenik bultzatzea? Ba ote dagokio horrelako iniziatibarik?

Ene iritziz, oso estimatzekoa da Unibertsitateak bere ikasleen artean boluntario lanak sustatzea. Unibertsitate formazioaren osagarri bat dira, eta baita jende gaztearen kontzientzia astintzeko modu bat.

Zenbat denbora aritzen zara astero UASentzat lanean?

Boluntario gisa aritzeak konpromisoa eskatzen du, batez ere asteroko arduraldi edo dedikazioaz denaz bezainbat, nahiz eta konpromisoaren norainokoa nork bere buruari markatzen dion. Hortik aurrera tinko jardun behar da. Neu astean behin joan ohi naiz eta igandeetan ordu pare batez aritzen naiz hor.

Behartsuenei laguntzeko fededun izateko beharrik ote dago?

Nire ustez, behartsuenei laguntzeko ez dago zertan fededun izaterik. Gogoan hartu behar dugu ez garela bakarrik mundu honetan bizi, eta baita ere ulertu mundua ez dela batzuek nahi duten bezain zurigorri eta sinple. Dena dela, solidaritatea giza balore bat bada ere, ezin uka bizitzaren erlijiozko ikuspegi batek zentzu beteagoa ematen diola boluntariotzari.