Ikusmena galtzeak planteamendu berriak, sakonak, egitera eraman ninduen; orduko nire bizitzaren aurrean jarri ninduen, nire buruaren aurrean

Karlos Gaspar lan istripu baten ondorioz itsu eta entzute galera larriarekin gelditu zen baina ez zuen bere bizitzaren norabidea galdu; 1995etik Opus Deiko kide da

Karlos Gaspar Koch 1964an jaio zen eta Stellarekin ezkonduta dago; hiru seme-alaba dituzte: Marta, Itziar eta Jorge, 11, 8 eta urte batekoa hurrenez hurren. Lan istripu baten ondorioz itsu eta entzute galera larriarekin gelditu zen baina, bere erantzunak adierazten dutenez, ez zuen bere bizitzaren norabidea galdu. Stella ere O.N.C.E.ko kide da bere ikusteko urritasunagatik; haurrak, Jainkoari esker, “osasunez beteak”.

Erakutsi al dizu sinesmenak bizitzari zentzua aurkitzen?

Niretzat, Jainkoaren adiskide izanez bizitzeak abentura berri bat dakar egunero, Aita batek bere semearekin duen harreman kutuna berritzeko aukera, eguneroko gauzen bidez. San Josemariaren irakatsiek kristau bizitzari buruzko ikuspuntua errazten lagundu zidaten eta alde desberdinetako puntu zehatzetan –familia, gizartea– nire jarduera hobetzen laguntzen didate. Nire burua pozik sentitzeko eta ahalik eta gehienei zoriontsu izaten laguntzeko lan egitera bultzatu eta gogoa pizten didate.

Baina, itsutasuna?

Edozeini gerta dakiokeen bezala, ikusmena galtzea nire bizitzako gorabehera kritiko bat izan zen. Gar egun, zinez diotsut, dena ontzat hartzen dut. Krisi honek planteamendu berriak, sakonak, egitera eraman ninduen; orduko nire bizitzaren aurrean jarri ninduen, nire buruaren aurrean; gauza batzuk berriro bideratu beharrak zeudela ikusi nuen, eta niregan oharkabe pasa zitzaizkidan gauza batzuen balioaz konturatu nintzen. Ez da erraza azaltzea nola ikasi nuen gauza batzuen garrantzia neurtzen eta aldi berean nola nire egia aurkitu nuen Jainkoarenarekin topatzean.

Lehenik harridura, gero estuasun eta bakardade moduko sentipena, gero baretasuna, sosegua eta lasaitasuna; ulertua eta babestua sentitu nintzen. Nondik eta norantz antzeman nion; denborarekin, Jainkoak ikusarazi zidan nola: kristau deia Opus Deiko espiritu bereziaren barruan.

Eta orain?

Berriro bizitzak ustekabea ekarri zigun; istripu berri batek, etxekoa kasu honetan, entzumenaren galera larria sortu zidan, eta horrekin lan ezintasuna. Nire emazteak ikusmena zerbait gehiago galdu du eta seme txikia, Jorgito, mundura etorri da. Jainkoak estutu eta ito egiten du. Hobeto, estoikoek bezala esango nuke nik: gertatzen dena ez da garrantzitsuena, guk gureganatzen dugun modua baizik.

Eta edozein istripu gureganatzeko, laguntza handia izaten da maitatua sentitzea, egoera batzuk gainditzeko eguneroko borrokan eusten dizutela sentitzeak, oker eta huts egiten duzunean batez ere. Orduan, Jainkoaren eta zuretarren maitasuna sentitzean, ohartzen zara zein balio handia duen zure bizitzak. Arrazoi honekin izugarri ongi goaz aurrera.

Entzuna dut psikologia ikasten ari zarela eta “telefono de la esperanza” delakoan laguntzen duzula. Zein dira zure proiektuak eta ametsak? Zergatik ahalegindu? Zuk laneko baja osoa daukazu eta zure diru sarrerak ziurtatuak…

Proiektuak eta ametsak bizitzeko indarraren ezaugarriak dira; konturatu naiz beti balio izango dudala norbaitentzat. Aukera hau Teléfono de la Esperanzak ematen dit, ONG honen kide eta laguntzaile naiz. Hori dela eta, hasi nintzen psikologiaren karrera egiten; eta, proiektu honetarako zein ederki datorkidan ikustean, poztu egiten naiz. Bestalde, nire emaztea eta biok senar-emazteen heziera talde bat aurrera eramatean sartuta gaude.