Juan Ignacio Arrieta gotzain berria

Bere anaiak, Jose Ramonek, zuzenean kontatzen dizkigu egun hauetako bizipenak

Juan Ignacio Aitasantuarekin

Nola heldu da Juan Ignacio Gotzain izendatua izatera?

Jainkoaren bideak ulertezinak dira eta batzuetan ustegabeko bidexkak erabiltzera daramate.

Jainkoari esker, gure familiak kristau sustraiak ditu eta Jainkoaren aurrean beti bizitzen erakutsi digute gurasoek. Juan Ignaciok eta nik Corazonistetan egin genituen ikasketak, eta han etxean ikasitako kristau hastapen haiek lantzen jakin zuten.

Gero, nik bezala, Juan Ignaciok Opus Deiren karisma eta mezua aurkitu zuen, eguneroko bizitza eta lana –orduan ikasleak ginen– santutasun bide bihurtzen, lagun sail bati esker.

Batxilergo eta unibertsitateko urte haietan, Juan Ignazioren asmoen artean ez zegoen apaiz izatea, eta are gutxiago gotzain bihurtzea. Beste edozein mutil bezalakoa zen, bere lagunartekoen adiskide bero, eta orain ere hala mantentzen da.

Iruñan Zuzenbidea amaitzean Erromara abiatu zen eta han apaiztu. Gero Nafarroako Zuzenbide Kanonikoko Fakultatean irakasle izan zen, eta handik Erromara joan zen berriro, orain dela 24 urte, gaur egungo Gurutze Santuko Unibertsitate Pontifikala hastera.

Orain bost urte, Veneziara aldiro joaten hasi zen, non irakasgai bereko Fakultatea hasi zuen. Eta handik Aita Santuak Vatikanon bere esku utzi zituen lanetan hasi zen.

Bi anaiak kanpoan bizi zareten arren, maiz etortzen zarete Birgarara

Bere gurasoak Aitasantua agurtzen

Bai. Jainkoari esker, badugu benetan jatorra den ahizpa, eta hari esker –Juan Ignaciok Aita Santuari esan zion bezala berarekin izandako entzunaldian– bi anaia apaizek Elizak gure esku utzi dizkigun eginbeharrak bete ahal izan ditugu. Berak ikaragarri ondo zaintzen ditu gurasoak, eta bai Juan Ignacio eta bai ni ahal dugun guztia laguntzen saiatzen gara, laguntza hau gure eginkizun pastoralekin bateragarri eginez.

Birgaran izan ditugun egonaldiak gurasoei laguntzeko eta Arraia-Maestu udaleko herrixketan laguntzeko aukera izan dira, apaiz gutxi baitago Arabako Mendialde osoari kasu egiteko.

Egun hauei buruz zerbait esan diezagukezu?

Lehenengo bedeinkazioak

Gotzaingintzak poz handia sortu du gure familian, Aita Santuak “familia eder eta handia” –gurasoak, anai-arrebak, osaba-izebak, lehengusuak etab. – deitu zuen honetan. Nire amak hamaika senide ditu eta Aitak hamar. Guztira berrehun bat gara, eta Jainkoari esker, nire gurasoak –91 urtekoak– oso ongi lagunduta egon dira bidaia honetan. Benetan pozgarria izan da, lau belaunaldietako kidek parte hartu baitute: “senior” batzuk laurogei eta piko gaztek lagunduta.

Gotzaingintzaren elizkizuna bereziki hunkigarria izan zen: sagaratutakoen artean, bat afrikarra zen, eta gotzain berriek bedeinkapena ematean, txaloez gain, afrikarren ohiko ulua, gure irrintziarekin nahasturik entzun zen.

Maiatzaren 2an beste arrazoi bat izan genuen pozteko:  Aita Santuak harrera egin zigun. Ez dugu, ez, ziur nago, gure bizitzan inoiz ahaztuko une hau. Aita Santuak bakoitzarentzat izan zituen maitasunezko hitzak eta haren bihozberatasuna eta xalotasuna benetan deigarri gertatu zitzaigun.

Orain familia eta adiskide guztientzat Meza bat prestatzen ari gara Gasteizen, San Migel elizan, gure Andra Maria Zuri maitearen ondoan. Betidanik lotuta gaude eliza horri, han bataiatuak baikara eta han ospatu baikenituen gure Meza nagusiak apaiztu ondoren.