Kandido Urbano 96 urte jo ta ke

30 urte baino gehiago igaro dira jubilatu zenetik eta berak lan egin zuen finantza etxeko zuzendariak publizitate kanpaina bat egiteko deitu dio. 1971n banketxe Bulego bateko zuzendari izan zen eta lehenengo banketxe txartela ateratzen aitzindari

Bizkaiko kaleetan publizidadean erabilitako Kandidoren irudia

Kandidok oroimen harrigarria du bere 96 urteekin; izenez eta bi abizenez oroitzen da eta datak ere zehazki gordetzen ditu buruan: “1939ko urriaren 12an egin nituen oposizioak banketxean sartzeko eta 1940eko urtarrilaren 10ean hasi nintzen lanean. Idazkaritzan hasi nintzen lanean, orduan banketxearen sekzio garrantzitsuena zena. Beste postu batzuetan ere lan egin nuen jubilatu arte,1980ko martxoan”.

Harro-harro erakusten digu oparitu dioten Athletic-en kamiseta. Atzean, bere izena eta 96 zenbakia, bere adinari dagokion bezala. Izan ere, 22. sozioa da.

Lankide baten bidez ezagutu zuen Opus Dei, aurretik entzuna bazuen ere zerbait hari buruz. “Beti saiatu naiz katoliko ona izaten. Orain dela urte asko Ekintza Katolikoko lehendakari izan nintzen. Bazegoen han apaiz bikain bat, denbora asko botatzen zuena gurekin; hezten gintuen eta konfiantzaz hitz egiten genuen berarekin. Behin edo behin Opus Deiri buruz hitz egiten zigun. Hura izan zen Egintzaren espirituaz zerbait entzun nuen lehenengo aldia. Urte batzuk geroago Emilio ezagutu nuen, supernumerario zen dagoeneko. Biok alaba bana genuen eta bazkalondoan ikastetxera eramaten genituen. Joan-etorri haietako ibilaldi luze horietan bera bizitzen ari zen espiritualtasuna adierazten zidan. Denbora pasa ahala, erakargarri bihurtu zitzaidan. Pazientzia handia izan zuen nirekin eta 1963an Opus Deikoa egin nintzen”.

Opus Deik bere bizitzan izan duen eraginaz galdetzen zaionean, bere lanaz hitz egiten du berehala: “Banketxean sartu nintzenean norbait izan nahi nuen eta bi helburu nituen: profesional ona izan eta bezeroez arduratu. Bezeroetan beti ikusi izan dut zu bezalako pertsonak direla, jatorri eta xede bera baitute. Ez nuen lanbide hura niretzat nahi, bazik eta nire lana egunero aurkitu behar nituen pertsona haiengana igaro zedila.

“Opus Dei ezagutu nuenean konturatu nintzen lana ez zela oztopo, alderantziz, santutasun bide bihurtzen zela. Eta horrek bereizten zaitu: Zure balore material eta espiritualekin batera eskaintzen duzu zeure burua”.

Athletic-en egoitzan egindako omenaldia. Hogeita bigarren bazkidea izateagatik

“Handik aurrera ohikeria ez izateagatik nagusitu nintzen. Bezeroen beharrei aurrea hartzen saiatzen nintzen eta ahalik eta ongien aholku ematen nien, Konfiantzaz beteriko harremanak sortzen ziren. Kandido, zer egingo zenuke zuk egoera honetan? galdetzen zidaten maiz bulegoan. Orain baino kultura gutxiago zegoen orduan, eta harreman pertsonala behar-beharrezkoa zen. Horrek arazoak ere sortzen zizkidan batzuetan banketxean. Banuen zuzendari bat bezeroak nire bulegora etortzea gustatzen ez zitzaiona. Mandatari bat jarri zidan nork bisitatzen zidan jakiteko”.

Familiako bizitzan ez omen du arazo handirik izan, esaten digu. “Behin konturatu nintzen ordu asko botatzen nituela lanean eta moztu egin behar nuela, familiari ematearren. Hau, gaur egungo problema dirudi, baina aspalditik dator. Beti garbi izan dut nik hau, banekien familia zela lehena, eta lanak jan ez ziezadan borrokatzen nuen”.

Erretiratzeak ez zion zirrara handirik egin, gogotsu jarraitu nahi baitzuen lanean: “Nire bezeroen lagun mina izan naiz, eta erretiratzean, asko etorri zitzaizkidan beren ondasunak administra niezaien”.

Jokalari ohi ospetsuak atzean dituela

Jubilatzen direnei lehenbizi esaten diena da bere bizia antolatu dezatela. “Erretiratzeak ez du esan nahi lan guztiak bertan behera uztea, baizik eta eginkizunez aldatzea. Oporrak izango balira bezala, jubilatua nago, beraz, ez dut ezer egiten; ez horixe. Bizia beti bizi egin behar baita. Sei ordu lo egin beharrean hamabi egin behar ditudala esaten badut, gaizki hasi naiz”.

Bere ekimen onenaz galdetzen zaionean, Emakumearen Banketxearena izan dela esaten du beti. 1974an abiarazi zuen. “Denbora hartan emakumearen egoera ez zen gaur egun bezalakoa eta emakumeei bere ondasunak administratzen kontseilatu behar geniela konturatu ginen, testamentua egiterakoan botereak erabiltzen, pentsioak kudeatzen etab. Hauxe izan zen bere arrakastarik handiena.