Lankidetzarako Ingeniariak lanean gotzain gazteiztarrarekin Angolan

Bakoitzak bere erantzuna emango du, nik Gobernuz Kanpoko Erakunde bat aurrera ateratzea erabaki nuen

“Ingenieros para la Cooperación-Lankidetzarako Ingeniariak” (IC-LI) Eusko Jaurlaritzak utilitate publikokoa dela aitortu du. 1995ean jaio zen Arabako Industri Ingeniarien Elkargoan solidaritate proiektuak bultzatzeko bai herri behartsuetan bai gure Euskal Herrian. Gipuzkoa eta Bizkaiko Elkargoek parte hartu nahi izan dute eta gaur egun IC-LI-k 250 baino kide gehiago ditu. Endika Garcia, sortzaileetako batekin hitz egiten dugu.

Nola bururatu zitzaizun ideia?

Arabako ingeniari batzuek, gizartearen beharrak ikusita, ekintzaren bat martxan ipintzea erabaki genuen, nolabait solidaritate aldeko kezkak bideratzeko eta gure kideen artean ere pizten arazteko.

Nire kasuan, bultzatu ninduen noski, ia-ia behartu esango nuke, nire kristau konpromisoak, San Josemariaren erakutsiak eta Opus Dei Prelaturan jasotako formazioak. Lanaren santifikazioaren mezuak zer eskatzen dit niri? Nola lortu gizartea hobetzea nire lan profesionalaren bitartez? Bakoitzak bere erantzuna emango du. Nik pentsatu nuen ONG bat martxan jartzea. Batetik behartsuen aldeko aukera bat delako, eta bestetik lagunak konprometitzeko.

Nolako proiektuak ari zarete egiten?

Proiektu gehienak hezkuntza, azpiegitura eta osasunari buruzkoak dira: ikastetxeak, anbulatorioak, emakumeentzako heziketa zentroak, ur zerbitzuak, argi indarra… Hegoaldeko kideen artean udaletxeak, erakunde zibilak eta Elizako instituzioak (elizbarrutiak, kongregazioak, parrokiak eta abar) daude.

Azken zortzi urte hauetan garrantzitsuena harremanak lortzea izan da, dudarik gabe, eta lortu ditugun helburuak ere. Ez da erraza neurtzen baina zenbaki batzuk emango ditut egin den lanaren ideia bat izateko. Sortu zenetik ia 50 proiektu abiatu ditugu, 10.000.000 euro baino gehiagoko aurrekontuak erabiliz.

Gaur egun adibidez proiektu handienetako bat Malanje (Angola) misioetako hezkuntza eta osasunari buruzko azpiegiturak hobetzea da. Hainbeste sufritu ondoren, badirudi azkenik bakea iritsi dela lurralde hauetara eta D. Luis Maria Perez de Onraitarekin, gazteiztarra eta elizbarrutiko gotzaina, eskolak eta anbulatorioak eraikitzen ari gara, eta horrela ihes egin zuten hainbeste pertsonen itzulia prestatu.

Eta Euskadin sentsibilizatuak al gaude?

Urtero milaka jostailu Kamerunera bidaltzen ditugu. Jostailuak Deportivo Alaveseko partidu batean jasotzen dira, gero IC-LI-k Kamerunera bidaltzen ditu, eta han Deportivo Alavesek Yaundèko Unibertsitatean umeen artean banatzen ditu.

Orain dela gutxi Gazteizko enpresa batek Kamerungo gazte baten ikasketa unibertsitarioak finanziatu zituen. Ideia oso sinplea da: langile bakoitzak urteko lan ordu bat eskaintzen du, eta enpresak beste hainbeste. Horrela Olivier Nkooubouk biokimikako ikasketak egin ahal izan zituen. Ideia bultzatu zuen IC-LI-ko kideak langileen eta enpresaren konpromisoa eta lortutako helburuak ikusi eta gero esan zuen: “hau nire lan bizitzan eduki dudan esperientzia ederrena izan da”.

Jakin dudanez, San Miguel-eko “Huesped de Honor” egin zaituzte.

Hala da. El Salvador eta Nikaraguara joan nintzen proiektu berriak abian jartzeko eta martxan dauzkagun beste batzuk bultzatzera. San Miguelen, El Salvadorreko bigarren hiri handienean, Eusko Jaurlaritzak subentzionatutako proiektu bat martxan jarri genuen: osasun zentro bat, batez ere emakumearen eskubideen alde. Eta hemen jaso nuen ezusteko hura. Udaletxeak erabaki zuen niri “Huesped de Honor” egitea ikurrina, himno, hitzaldi eta guztiarekin. Ni benetan lotsatu egin nintzen, batez ere oso gutxi egiten dugulako beraien alde.