Misioa

Opus Dei Eliza katolikoaren Prelatutza pertsonal bat da. Madrilen eraiki zuen San Josemaria Escrivak 1928ko urriaren 2an. Gaur egun, bost kontinenteetako 80.000 pertsona baino gehiagok osatzen dute Opus Dei. Egoitza –prelatuaren eliza eta guzti– Erroman dago.

Vatikanoko II. Kontzilioak gogorarazi zuen bataiatu guztiak deituak daudela Jesukristori jarraitzera, Ebanjelioa bizitzera eta erakustera. Opus Deiren helburua Elizaren misio ebanjelizatzaile horretan laguntzea da, edozein egoerako kristau fededunengan sinesmenaren eta bizitzaren arteko adostasuna sustatuz, egoera arruntetan eta bereziki lana santutzearen bitartez.

Helburu horretara iristeko, prelatutzak bere fededunei, eta beste jende askori ere, gogo heziketa eta laguntza pastorala eskaintzen die.

Laguntza pastoral horren bitartez Ebanjelioaren ikaskizunak betetzera bultzazten da, kristau bertuteak erabiliz eta lana santutuz. Lana santutzeak, prelatutzako fededunentzat, Jesukristoren espirituaren arabera lan egitea esan nahi du: norberaren eginkizuna guztiz ongi betetzea, Jaungoikoaren aintzarako eta besteen serbitzurako, eta, horrela, mundua santutzen laguntzea, Ebanjelioaren espiritua munduko jarduera eta errealitate guztietan agerraraziz.

Prelatutzako fededunek beren kabuz egiten dute beren ebanjelizazio lana, jarduten diren gizarte giro desberdinetan. Horren ondorioz, haiek burutzen duten eginkizuna ez da alor bakar batera murrizten, heziketa, gaixoen atentzioa edo ezgaituen laguntzara adibidez. Prelatutzak gogoratu nahi du kristau guztiek, haien jarduera sekularra dena dela, lagundu behar dutela gizartearen arazoak kristauki konpontzen, eta beren sinesmenaren lekuko izan behar dutela etengabe.