Pedro Duque, Erain ikastetxeko Fisika irakasle ordubetez

“Irabazi egin diguzue Europako Agentziari” esan zien astronautak ikasleei bideohitzaldiaz

Erain, Irunen dagoen irakaskuntza ertaineko ikastetxea da. Bertako irakasleek kalitatezko heziketa ematen saiatzen dira, nola teknikoa hala giza mailakoa, San Josemariaren irakatsiei jarraituz. Beraiek ematen digute azken emaitzaren berri.

“Gurean inoiz ez du Zientzietako saio batek piztu horrenbesteko ikusmira gaurdaino; izan ere, Pedro Duquerekin berarekin bideohitzaldi bat egin ahal izatea ez da eguneroko kontua.

Lehengo ostiralean, hilak 7, Donostiako Miramon Parkean, Eraingo Batxilergoko 2.eko ikasleek astronauta bera izan zuten Fisika irakasle. Jose Luis Granados eta Iker Sanchez, hurrenez hurren Zientzietako eta Ingeleseko irakasleek prestatu zuten saioa; xeheki prestatu ere.

Erain ikastetxearen eta Espazioko Europako Agentziaren aurkezpenek eman zioten hasiera ekitaldiari, biek ingelesez. Jarraian, gaztelaniaz, galdera-erantzunen txanda iritsi zen. Galderak hiru gai motako sailetan bana zitezkeen: espazioko bidaiak, espaziontzian barruan garatzen diren esperimentu zientifikoak eta, azkenik, Martitzako misioak. Zein dira unerik larrienak espazio-hegaldi batean? Zer jokaera dute infekzio-gaixotasunek espazioan? Nola liteke hain urrutitik komunikatzea? Etab.

Bideohitzaldia bukatutakoan, Pedro Duquek zorionak eman zizkion ikastetxeari, saioaren prestakuntza hobezina izan zelako, bai teknika aldetik – irabazi egin diguzue Europako Agentziari, esan zuen hitzez hitz -, bai edukien aldetik ere, egin zitzaizkion galdera interesgarriengatik.

El Mundo, 2004-V-8