Uxueko Ama Birjina Torreciudadera joango da erromes

Uxue izena Ama Birjina zegoen kobazulotik sartu-irten zebilen usotik letorke

Nafarroako Unibertsitateko Graduatu Elkarteak bultzatu du Uxueko Ama Birjinaren Torreciudaderako erromesaldia. Urriaren 16an izanen da, arrosarioaren hilearen barruan, eta Joan Paulo II.ak ezarritako Eukaristiaren Urtea Eliza osoan hasiko den hilean bertan.

Bóregan (Zintruenigo, 1951) eskultoreak egindako Uxueko Ama Birjinaren kopia eramango dute erromesek. Irudia prozesioan sartuko da Torreciudadeko santutegian, eta erromes-mezan zein Aldareko Jaunaren bedeinkazioaren bitartean aldare-aldean izanen da. Arrosarioa errezatzean, aldiz, bertako lautadara aterako da berriro ere prozesioan.

Uxueko Ama Birjinari debozioa

Nafarroako santutegien artean, Uxue leku geografiko egokian dago (Nafarroako Erdialdea) eta inguruko herrialdeek debozio xamurra diote Uxueko Andre Mariari. Bereziak dira, gainera, santutegi-gotorlekuaren artea, historia eta ohiko erromesaldiak.

Izen honen jatorria Errekonkistaren garaietan kokatzen da (X.-XI. mendeak). Kondairak dioenez, lurralde hau musulmanen eskuetan zegoela, Ama Birjina kobazulo batean ezkutaturik zegoen eta egun batean artzain bati agertu zitzaion, leku berean santutegi bat eraiki zutelarik. Uxue izena kobazulotik sartu-irten zebilen usotik letorke.

Uxuen beneratzen den irudia erromanikoa da; Carlos II.ak (XIII. mendea) zilarreztatzeko agindu zuen eta ordutik ezaguna da Nafarroako Erregeak erromes joan izan direla santutegi horretara.

Uxuerako Erromesaldia Ama Birjinarentzako debozio eta penitentzia agerpenik sustraituenetako bat dugu Nafarroan.

Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ama Birjinak

Era berean Puyko (Lizarra) Ama Birjinaren anaidia iazko urrian Torreciudadera joan zen erromes. Herri bateko zaindariaren kopia bat Torreciudadera eramateko ohitura 1984an hasi zen, santutegiaren IX. urteurrena ospatu zenean. Orain, milaka erromes abian jartzen duen ohitura bihurtu da, bai bere herriko irudia eramateko, bai aitorlekuen kaperan dauden irudiak ikusteko. Hogei urte igaro ondoren, bost kontinenteetako berrehun taila baino gehiago daude; horien artean, EAE eta Nafarroako zaindari garrantzitsuenetako batzuk daude: Zumarragako Antiguako Ama, 1997an iritsi zen; Begoñako Andre Maria, 2000ko jubileuan; Los Arcosko Ama Birjina, 2001ean; Estibalizko Ama Birjina, 2001eko urrian; eta Lizarrako Puyko A. B., 2003ko urrian.

Arantzazuko Ama, Torreciudadeko santutegia zabaldu zeneko 25 urteurreneko egun handian joan zen. Ospakizuna 2000ko uztailan izan zen, Javier Echevarria Jn. buru zela. Donostiako Orfeoiak Aita Madinaren Gure Aita eta Maite Aranzabalen organo jole gipuzkoarraren Torreciudadeko Ave Maria kantatu zituen, besteak beste. Ama Birjinarekin Elustondo Aita zena joan zen, baita santutegi gipuzkoarreko Parroki-Batzarreko zenbait kide.

2001ko maiatzean Begoñako Ama Birjinaren kopia bat joan zen, Begoñako Andre Mariaren Kofradiak antolatuta eta Telmo Zarra buru zutela. Ekitaldian Blazquez gotzainak idatzitako eskutitz bat irakurri zen. Estibalizko Ama Birjina, Mugika Aita, bertako santutegiko priorea, lagun zuela joan zen; ez zen falta Arabako familia askoren maitasuna.