XVI. eta XVII. mendeetako Euskal Herriko kristautze-prozesua aztertu du Ana Zabalzak

Euskal herritarrak kleroarengandik oso hurbil zeuden: parrokia beti zegoen hurbil, eta apaizak bere eliztarrak ezagut zitzakeen zuzenean, haiek ere bertakoak baitziren

Nevadako Unibertsitateko (Reno) Center for Basque Studies-eko kideak Nevadako basamortuan, euskaldunak artzain joan zirela bertara

Iruñako Ana Zabalzak bere doktorego-tesia defendatu zuen 1992an; tesia XVI. mendetik XVIII. mendera bitarteko Nafarroako herri-ondasunei buruzkoa zen. Renon (EEBB) XVI. eta XVII. mendeetako Euskal Herriko kristautze-prozesua aztertu duela jakin dugu.

Noiz izan zen lehenengo kristautzea? Zer esan nahi da XVI. eta XVII. mendeetako kristautzearekin?

Kristautasuna beste egile batzuek ikertu duten garai goiztiar batean zabaldu zen euskal lurraldeetan. Hala ere, nik ikertzen dudan garai historikoa Aro Modernoa da, hau da, XVI. mendetik XVIII. mendera, gutxi gorabehera. Zalantzarik gabe, Eliza Katolikoaren ikuspuntutik gertaera nabarmenenetako bat Trentoko Kontzilioa izan zen: 1563an amaitu zen, eta dotrina katolikoa zehaztu zuen, eta bereziki Lutherek eraso zituen puntuak.

Hala eta guztiz ere, banantze protestantea kontuan hartu gabe, Elizan aspalditik sentitzen zen Erreforma gauzatu beharra; nahi hori oso nabarmena zen euskal lurraldeak barne hartzen zituen Monarkia Hispanikoko lurraldeetan. Egia esan, Erreforma katolikoa banantze protestantea gertatu aurretik hasi zen nolabait. Asmoak bi ziren: garai hartan oso txarra zen kleroaren prestakuntza hobetzea, eta gotzainaren funtsezko figura sendotzea. Kristautasunak euskal herritarren artean izan zuen arrakasta txikitik ondorioztatutako arazo askoren jatorria zen: kleroaren gaitasun urria eta elizbarrutietan eginkizun pastoralak gauzatzeko gotzainen falta ziren, beste lurralde batzuetan gertatu zen bezala.

Trentoko dekretuek betebeharrak ezarri zituzten, gotzainaren bizilekuari buruzkoa kasu: gotzaina bere egoitzaren herrian bizi behar zen etengabe, eta parrokiak bisitatu behar zituen, eliztarrek dotrina ezagutzen zuten egiaztatzeko, adibidez. Halaber, Trentok apaizgaitegiak sortu beharra ezarri zuen, horietan kleroak beharrezko prestakuntza jaso zezan. Dena den, alde horrek oztopo batzuk zituen, eta esate baterako, Gipuzkoako zati handi bat hartzen zuen Iruñako elizbarrutian ez zen apaizgaitegirik sortu XVIII. mendera arte.

Hasteko, fedearen bizipen-maila nekez ezagutzen da edozein garai historikotan. Hala ere, zenbait elizbarrutitan ikerketa monografikoak egin dira, behintzat alde kuantifikagarrienak (esate baterako, kristau-ikasbidearen eta otoitz nagusien gaineko ezagutza-maila) ezagutzeko asmoz. Aipa dezagun Sara Nalle historialari estatubatuarraren kasua: Trentoko dotrinak Cuencako elizbarrutian izan zuen eragina zehatz-mehatz ikertu du, eta Kontzilioaren ondoko hamarkadetan Cuencako biztanleen artean kristau-ikasbidearen gaineko ezagutza-maila nabarmen hobetu zela egiaztatu du.

Euskal Herriko prozesua eta penintsulako gainerako lurraldeetakoa bereizten dituen faktorerik al dago?

Antzinako labar-pintura edo grabatuei begira Lagomarsino oasian

Beste lurralde batzuekin gertatzen den moduan, berezitasun batzuk daude, baita komuneko ezaugarri asko ere. Euskal Herriaren kasuan, bere kokapenak eragin handia izan zuen, zalantzarik gabe, agintaritza-gune handietatik urruntzen zuen eta. Urrutiko herrialdea da, menditsua, eta Antzinako Erregimenaren baremoen arabera, txiroa. Nire iritziz, badago beste faktore garrantzitsu bat: populaketa sakabanatua, hain zuzen ere. Horrek euskal herritarrak kleroarengandik oso hurbil egotea eragin zuen: parrokia beti zegoen hurbil, eta apaizak bere eliztarrak ezagut zitzakeen zuzenean. Bestalde, parrokoak –beste izen batzuk ere jasotzen dituztenak- herrikoak bertakoak ziren, eta horren ondorioz, herritarrekiko hurbiltasuna eta integrazioa oso handiak ziren. Parroko asko apaizgaitegian egon ez baziren ere, gotzainen bisiten eragina berehala hasi zen nabarmentzen.

Ezaugarri bereizle bat hizkuntza da, jakina. Esate baterako, Iruñako gotzainak, gehien bat euskalduna zen lurralde bateko artzainak zirenak, katiximak euskaraz prestatzeaz arduratu ziren. Euskaraz idatzitako sermoitegiak ere bazeuden: liburu horiek beste hizkuntza batzuetaz idatzitako testuetan inspiratutako sermoiak zituzten, aldi liturgiko edo jai ezberdinetarako, eta herriko parrokoei sermoiak prestatzea ahalbidetzen zieten. Hala ere, jakina denez, gertaera pastoral hori eta Nafarroako erresumako lehengo lurraldea gaztelaniatzeko gogo politikoa aldi berean gertatu ziren. Batez ere Felipe II.a saiatu zen Iruñako elizbarrutiko mugak berriro zehazten, Frantziako subiranotasunaren mende geratzen ziren lurraldeak bananduz –horietan protestantismoa zabaldu zen eta-, eta Nafarroan zeuden erlijio-ordenek Aragoiri beharrean (unera arte egiten zuten moduan), Gaztelari men egiten saiatuz. Politika horren ondorioz, Iruñako gotzainak ez ziren nafarrak izan XVIII. mendera arte.

Zer ikas dezakegu kristautze horretatik, XXI. mendeko kristauoi denbora-ordena eratzen lagun diezagukeena?

Zaila da baliozko ondorioak ateratzea, egoerak oso ezberdinak dira eta. Eliza Katolikoa Trenton sendotu egin zen, Lutheren proposamenen aurrean dotrina corpus argiagoa eta apologetika irmoa zituela. Uste dut funtsezkoa izan zela gotzainaren figura sendotzea, ez baitzen lurralde administratzaile hutsa, bere herriko artzaina baizik. Horrek eta apaizen prestakuntzaren mailakako hobekuntzak (maila guztietan katekesi-lana eginda) fedearen bizipena aldatzea ekarri zuten epe laburrean. Aldi berean, fedearen benetako ereduak agertu ziren, eginkizun ezberdinak zituztenak: mistiko eta erreformatzaile garrantzitsuak, hala nola, Santa Teresa Jesusena eta San Joan Gurutzekoa; San Inazio

Loiolakoa, bere obra Erreforma Katolikoari estu lotuta dagoela eta espiritualtasun kristaua edozein gizon edo emakumeren eskura jartzen duela; San Frantzisko Xabierkoa, misiolari ospetsua, eta beste hainbeste.

San Inazio Loiolakoaren espiritualtasunaren zeregina funtsezkoa da. Gizaki bakoitza bere egintzen arduraduna zela, eta betiereko epaileak azken egunean epaituko zuela (jardun espiritualak, kontzientzia-azterketa) adierazi zuen. Horrela, kontzientzia pertsonala edo gizabanakoaren nortasuna, Aro Modernoaren hasierara arte argi agertu ez zena, osatzen lagundu zuen, ziur aski konturatu gabe. Gizakia bitarteko erakunde batzuen (etxea, udalerria, ...) mende geratzen zen nolabait, eta adierazle batzuek –esate baterako, bizitza osoan izen propio bakarra eta egonkorra ez izatea- adierazten omen dute pertsona ez zela oso kontzeptu garatua, eskubide eta betebeharren subjektua den aldetik.

Nola islatzen dira euskalduntasunaren ezaugarriak jainkozaletasunean –horrelakorik esan badaiteke-?

Euskal herritarrek sakon berenganatu zuten Trentoko espiritua. Lehen esan dudan bezala, kleroarekiko hurbiltasun fisikoak eta apaiza bat gehiago izateak, norberaren hizkuntzaz mintzatzen den norbait izateak, alegia, eragina izan zuten. Halaber, katiximak euskaraz prestatzeak ere fedearen formulak ikasten lagundu zuen. Kontuan hartu behar da –Carolina Montorok orain dela gutxi egindako ikerketa batean aztertu den bezala- Euskal Herria Monarkia Hispanikoaren barnean goizen eta sakonen alfabetatu ziren guneetako bat dela, gehienek hizkuntza ez-erromaniko batez hitz egiten bazuten ere.

Zergatik joan zinen Renora prozesu hori ikasteko?

Nevadako Unibertsitateko (Reno) Eusko Ikaskuntzen Zentroak euskal gaiei buruzko munduko liburutegi garrantzitsuena du Euskal Herritik kanpo. Gainera, artxibo garrantzitsua du Historia Garaikideko gaiei buruz.

Udako egonaldietarako beka programak gai horiek luzaroan eta giro egokian ikastea errazten du. Bestalde, liburutegia eta artxiboa erakunde biziak dira, fondo berriak gehitzen jarraitzen dutenak. Udako egonaldiak amaitzeko, ikertutako gaiak jendaurrean azaltzen dira, eta mesedegarriak dira munduko beste leku batzuetatik datozen euskal gaien beste ikertzaile batzuekin iritzi ezberdinak elkarri adierazteko.