Zumarragako Salbatore Parrokiko eskultorearekin hizketan

Liturgi huts-hutsak Jainkoagana urreratzen gaitu, irudi pinpirinek ez bezala; ezinbestekoa da artistaren jatortasuna

Jose Luis Cobrerosek Arte Ederrak ikasi zituen, ezkonduta dago eta bederatzi seme-alaben aita da, 70 urte ditu eta 30 urte baino gehiago bete ditu Opus Deiko kide bezala. Cobreros arte irakasle izan da, Erain ikastetxean eta zenbait arte akademiatan.

Duela hilabete batzuk Zumarragako Salbatore Parrokiko erretaula eta Gurutz Bidea bukatu zituen. Hogeita hamar metro karratu inguruko erretaula da. Bi metroko Kristo bat da bere irudi nagusia; aldamenean, Jaunaren bizitzako zenbait oroigarri: tentaldiak, mendiko hitzaldia, Lazaroren piztuera, mirarizko arrantzua, eta abar.

“Jose Ignacio Munilla parrokoa etorri zitzaidanean, eliza berriaren apainduraz galdezka, Torreciudadekoaren antzeko erretaula egitea pentsatu nuen. Parrokiaren izenari Kristo berpiztuta dagokio, gurutziltzatua baino. Jaunaren tentaldien irudia iradoki zidan berak, gaur egun deabrua oso gutxi aipatzen delako. Salestarren komentuan ekin genion lanari, baina tailerraren ondoko txabola batera aldatu behar izan genuen, buztina garraiatzerik ez geneukalako moldeatze-lana egiteko lekura. Neguan gorriak ikusi genituen, hotza baitzen eta buztina hezea zegoelako.”

Erlijio motako zure lanetan, zein da gehien maite duzuna?

Ama Birjinaren eskulturak, panteoietarako irudiak, eta abar dauzkat landuak. Betiko leloa izan arren, seme-alaba guztiak berdin maite izaten dira: ezin esan, zein iruditzen zaidan onena.

Eskultura eta arte erlijiosoa ulertzeko duzun ikuspegian, eraginik izan al du San Josemariaren irakatsiak ezagutzeak?

Bai, batez ere lan erlijiosoa denean. Jaungoikoari eskaintzen diot eguneko zeregina eta, bide batez, bere laguntza eskatu, lortutako emaitza ederra izan dadin. Bidea liburuan idatzitakoa gogoratzen zait horrelakoetan: liturgi huts-hutsak Jainkoagana urreratzen gaituela, alegia, irudi pinpirinek ez bezala. Artista baten eginkizunak bihotzetik atera behar du, ulertuko bada. Euforiazko uneak eta etsipenezkoak izaten dira, baina ezinbestekoa da artistaren jatortasuna; hortxe dago koska.

Zenbait euskal eskultorek langai jakin batzuk aukeratu dituzte – burdina, egurra, granitoa – eta euskal senarekin lotu.

Arte abstraktua lantzen dute gehienbat. Nik egiten dudana eskultura figuratiboa da; buztinaz sortu, gozatu eta sufritu egiten da. Ondorengo tratamendua azalekoa da. Zumarraga parrokiko piezak, aurrena buztinaz eginak dira, eta, gero, igeltsua poliuretanoz tratatu ziren, beirazko gogortasuna emateko asmoz, eta azkenik, patinaz.