Nafarroako Unibertsitatearen Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedraren 40. urteurrena

Nafarroako Unibertsitatearen Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedraren 40. urteurrena

Ana Echaide

Nafarroako Unibertsitatearen Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedraren 40. urteurrena zela eta, joan den azaroaren 12an zuzendari ohia Ana Echaideren hitzaldiko zatirik interesgarrienak eskaintzen ditugu.

Katedraren sortzea eta lehenbiziko urteak

Aurten Euskal Hizkuntza eta Katedraren 40garren urteurrena, eta Euskal Ikasketen Diplomaren hamargarrena ospatzen direla eta, Katedraren ibilbide historikoaz hitz egiteko eskatu didate. Gauza erraza dirudi lehen begiraldian, ia hasieratik orain bi urte arte egon bainaiz Katedran, Santiagon egon nintzen bost urteak salbu, eta D. Jose Migel Barandiaranek utzi zuenetik, 1985etik aurrera, zuzendari bezala. Baina zehazki hitz egiteko orduan, oroimenak ez dira aski, datuak behar. Barkatuko didazue, espero dut, zerbait ahazten badut.

Unibertsitatera heldu nintzeneko eraikia zegoen Katedra, Foru Aldundiaren babespean. 1964-65eko kurtso hasieran etorri nintzen hona eta D. Jose Migelek emana zuen bere lehen ikastaroa aurreko udaberrian. Nire eginkizuna lehen sei ikasturtetan euskal hizkuntza eskolak ematea izan zen, aldi berean gaztelaniazko hizkuntza katedran laguntzaile nintzela eta doktorego tesian lan egiten nenbilela. Hasieran ez genuen bulegorik eta nire eta beste askoren lantokia Biblioteka zen. Ez oraingo Biblioteka berria, ezta zaharra ere –gauden hau–, baizik Eraikin Nagusiaren sotoan, eskuineko hegala osorik hartzen zuen sala luze bat.

D. Jose Migelek jarraitzaile ugari zituen bere Euskal Etnologia ikastaroan baita Historiaurreko mintegian. Nik, ordea, ikasle gutxi. Lehenengo urtean euskal hizkuntza eskoletan lau ikasle izan nituen. Ez zen girorik urte haietan. Baina euskal ikasketak ez ziren ingurugiroak eskatzen zuelako sortu baizik eta orduan Filosofia eta Letretako Fakultatearen Dekanoa zen Antonio Fontanen ekimen eta arduragatik. Nafarroan kokatuta zegoen Unibertsitate batek euskal hizkuntza eta kultura ikertu eta zabaldu behar zuela pentsatzen zuelako. Pixkanaka nire ikasleen kopurua goratzen joan zen, 1977an ia 200era iritsi arte, Jose Basterretxea “Oskillaso” eta Pilar Gorostiaga irakasle ziren denboran; handik aurrera, berriz, kopurua jaisten hasi zen, Iruñean euskaltegiak ugaritu ziren neurrian.

Adolfo Arejita

Ezaguna denez, Etnologia oso berandu arte ez da sartu Unibertsitateetako ikasketa planetan, hala nola Euskal hizkuntza. 1964an Filosofia eta Letretako Fakultate guztiek ikasketa plan bera zeukaten Espainian, eta aukerazko ikasgairik ez zen ezagutzen. Etnologia eta Euskal Hizkuntza, eman nahi baziren, nahi eta nahi ez Lizentziaturako planetatik kanpo eman behar ziren. Eta hori izan zen Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedraren eginkizuna urtetan zehar. Esan dezakegu Katedraren lehen etapa izan zela hura, Barandiaranek, bere adinagatik eskolak ematea utzi zueneraino. Urte batzuk geroago Basterretxeak, beste arrazoiengatik, euskal hizkuntza eskolak utzi behar izan zituen.

Ikerketaren aldetik, Barandiaranek Unibertsitatean Nafarroako Etniker taldea sortu zuen, ordundik berak prestatutako Gida Etnografikoari jarraituz lan egiten duena. Geroxeago beste eskualdetan ere Etniker taldeak sortu zituen. Talde hauen fruitu oparoa orain arte azaldu diren Atlas Etnografikoaren 6 aletan ikus daiteke.

Hizkuntzalaritzaren alorrean linea bat baino gehiago landu genuen: alde batetik hizkuntza ukipena (euskara/gaztelania); bestetik euskal dialektologia. Dialektologiaren lan nagusienetako bat Azkuek bultza zuen Erizkizundi Irukoitzaren emaitzak argitaratzea izan zen; eta bestea Nafarroako euskalkien lagin bat jasotzea. 72 herritan Mitxelenak prestatutako 300 galderako inkesta bat egin zen. Inkesta osoaren transkribapenak egin eta gero, Eusko Ikaskuntzak argitaratu zuen 1989an.

Beste ikasgai batzuk, Historia, Geografia, Artea…, etab., Fakultateko ikasketa planetan sartuta zeuden, eta Departamendu bakoitzak bere irakaskuntza eta ikerketa lanak antolatzen zituen gure Katedratik kanpo, nahiz eta beti harreman ugariak izan ditugun ikastaroak edo beste hitzaldiak eskaintzeko orduan Unibertsitateko beste Departamentuekin. Departamentu askotan, denetan ez esatearren, Nafarroako eta Euskalherri osoko kultura, gizartea eta ingurua aztertu izan da eta aztertzen da orain ere. Baina nire eginkizuna une honetan ez da Departamendu horien lana aipatzea, baizik eta Katedratik bultza diren lanen berri ematea. Beste batzuek egingo dute, noski, nik ezin osatu dudan lan hori.

Bigarren etapa

Barandiaranek 1978an eta Oskillasok 1983 arrazoi ezberdinengatik eskolak utzi zituztenean, Euskal Kultura ikastaroak antolatzen hasi ginen, gure Unibertsitateko eta besteetako irakasleak gonbidatuz. Historia, Etnologia, Historiaurrea, Literatura eta Hizkuntzalaritzari buruz gehienetan. Garai hartan Lizentziatura gehienek bost urte irauten zuten eta ikasketa planak ez zeuden orain bezain beteak. Beraz, “Aukerazko ikastaroak” antolatzen genituen, gero ikasleen ikasketa espedientean azaltzen zirenak, espedienteak pixka bat lodituz.

Euskal hizkuntza eskolak urte hauetan Filologia Hispanikoko ikasleentzat zuzenduak zeuden. Garai hartako ikasketa planen arabera, lehenengo zikloan euskal hizkuntzako beharrezko kredituak kopurua gaindituak bazituzten, Euskal Filologia egiteko aukera zuten Gasteizen edo Deustuan; horrela gure ikasleen artean batzuek Euskal Filologia egiteko aukera izan zuten.

Ikerlanen aldetik, Etniker Taldeak betiko bidea jarraitzen zuen eta hizkuntzalaritza alorrean Euskaltzaindiak aurrera eraman nahi zuen Atlas Linguistikoan parte hartzera erabaki genuen, ordura arte lortutako esperientzia eskainiz, eta prestakuntza lanetan parte hartuz; eta azkenik Nafarroako hamar herritako inkestak egiteaz eta transkribatzeaz arduratuz. Lan hauek, jakina denez, oraindik ez dira argitaratu, arazo franko azaldu baitira.

Hirugarren etapa

Azkeneko hamar urteak beste etapa bat osatzen dute. Unibertsitateetako ikasketa planak Europako moldeei egokitu zirenean –gure Fakultatean plan berriak 1993an hasi ziren- euskal hizkuntza eta kultura ikasketak bultzatzeko aukera egokia ikusi genuen. Ikasleek aukera libreko gaiak hartu behar zituzten curriculuma osatzeko. Beste alde batetik, Unibertsitateek beren Titulu bereziak emateko aukera zuten. Beraz, orain indarrean dagoen Euskal Ikasketen Diploma sortu genuen 1994an, euskal kulturazko 45 kreditu bete nahi zituztenentzat. Orduan Unibertsitatean eskaintzen ziren ikasgaiak eta gero sortu genituen beste batzuen bidez, bazuten aukera kreditu horiek osatzeko. Gainera ikerlanean hasteko aukera ematen genien ikasle baten zuzendaritzapean Memoria bat eginez. Hasieratik oso harrera ona izan zuen Diploma honek Unibertsitateko Fakultate desberdinetako ikasleen artean, bai Letretakoak bai Medikuntza, Zientziak eta beste Fakultatekoen artean.

Ikerlanari buruz ere bide berriak ireki dira: Gure ikasleen Memoriez gain –horietako batzuk argitaratuak daude- itzulpengintzari buruz tesi bat burutu da, eta Euskal Literaturako ikerketa lanak ere aurreratu eta argitaratu dira.

Ana Echaide