Apaizak eta laikoak

Prelatu batek, bere presbiterioak edo klerikoek, eta laikoek, gizonezkoak nahiz emakumezkoak azken hauek, osatzen dute Opus Dei.

Jainko deiak eraginda erabakitzen du bakoitzak kide izatea. Dei hori bataioan jasotako kristau deiaren zehaztapen berezi bat da, eta santutasuna bilatzera eta Elizaren misioan parte hartzera darama, Jaunak San Josemariari argitu zion espirituaren bidez.

Prelatutzaren kide izateko, bi aldeko hitzarmena behar da, non onartutako elkarrekiko konpromisoak hitzartzen diren, bai kidearen aldetik, bai prelatutzarenatik.

Opus Dein ez dago maila desberdinetako kiderik; goi-dei bakar eta berdin bat baizik, eta dei horren bidez, prelatutzako fededun guztiak maila berean Jainkoaren Herriaren zati baten kide dira eta hala sentitzen dute. Kristau dei bera, noski, era desberdinez bizi daiteke, bakoitzaren egoeraren arabera: ezkongabeak edo ezkonduak, osasuntsuak edo gaixoak, etab.

Opus Deiko kide gehienak, 70% gutxi gorabehera, supernumerarioak dira: gehienetan gizon edo emakume ezkonduak dira eta horientzat familiako eginbeharrak santutzea beren kristau bizitzaren zati nagusiena izaten da.

Prelatutzako gainontzeko kideek, apostolutzagatik zelibatuan bizitzeko konpromisoa hartzen dute. Batzuk beren familiekin bizi dira, edo beren lanerako egoki zaien lekuan: horiek prelatutzako agregatuak dira. Beste batzuei, beren egoerak libre uzten die apostolutza ekintzez eta prelatutzako beste kideen formazioaren lanetaz arduratzeko: numerarioak dira eta gehienetan Opus Deiren zentroetan bizi dira. Numeraria laguntzaileak, beren lanbide bezala, prelatutzako zentroen etxeko lanetan dihardute gehienik.

Opus Deiren ezaugarrietako bat kristau familia giroa da. Prelatutzak prestatzen dituen ekitaldi guztietan aurkitzen da familia giro hori. Opus Deiko zentroen etxeko giro gozoan gauzatzen da, uste oneko elkar harreman xumean, eta zerbitzu eta bihozberatasun espirituan.

Prelatutzako kleroa Opus Deiko kide laikoengandik sortzen da: numerarioak eta agregatuak, askatasun osoz apaiz izateko prest daudenak. Prelatutzan urteak igaro eta apaiz ikasketak egin ondoren, Prelatuak apaizgintzara dei egiten die. Beren apaiz ministeritza prelatutzako kideen eta haien ekintza apostolikoen zerbitzuan garatzen da gehienik.