Betirako gauza garrantzitsuenak ikasita dauzkate

Ni txikitan ikasitakoaz gogoratzen naiz oraindik eta berdin gerta litzaieke neska-mutil hauei

Azken berriak

Gurutziaga eliza, Aieteko parrokia, oso ezaguna da; orain dela 35 urte, hor jarri zen martxan Axular Lizeoa zazpi ikaslerekin. Orain, Esther Patrocinio Olaizolak, Billabonan jaioa, katekesia ematen du euskaraz parroki horretan.

Esther, nolakoa izan da parrokoarekin lankidetza?

Orain dela bi urte hasi nintzen katekesia ematen Aiete Gurutziaga Parrokian, zeren eta nire lankide batek esan zidan parrokia horretan katekistak behar zituztela. Orduan parrokoarekin hitzegin ondoren, berehala hasi nintzen, lehenengo urtean Sendotza taldearekln, gaztelaniaz, eta hurrengo urtean Lehenengo Jaunartzeko talde batekin, euskaraz.

Hilabetero bi aldiz parrokoarekin elkartzen ginen katekista guztiok, talde bakoitzaren egoera azaltzeko, esperientziak laburtzeko eta ekitaldiak denon artean prestatzeko: gabonetako jaialdia, "koloniak", eta abar. Han ere parrokoak adierazten zigun katekistei klasea emateko era, eta neska-mutilekin sortutako arazoak nola konpondu.

Zein izan da katekesiaren mamia?

Gure helburua aurrei Jesukristoren bizitza ezagutaraztea izan zen, hau da, Bere hurbiltasuna eta adiskidetasuna poliki-poliki irakastea. Horregatik katekesia hasi eta bukatu baino lehen otoitz egiten genuen, eta Sakramentu bakoitza azaldu nituen, batez ere Eukaristia eta Penitentzia. Batzuetan parrokoarekin elizara joaten ginen eta berak Sagrarioaren aurrean bere azalketak egiten zituen klasean emandakoak osatzeko.

Zergatik eman pare bat ordu astero eginkizun honetan, zortzi orduz lan egin ondoren? Hain garrantzitsua al da?

Bai, hamaika neska-mutilei katekesia emateko ilusio handia behar da. Nahiko bihurriak ziren gainera, eta asteartero ingelesa edo musikazko klasera joanez gero, nekatuta etortzen ziren katekesia hartzera, eta nik oso ondo prestatu behar nituen klaseak beren arreta erakartzeko. Batzutan, beste neska batekin joaten nintzen eta bion artean errezagoa zen.

Nire helburuetako bat Ama Birjinari buruz asko hitzegitea zen, Zeruko Ama dela eta. Eta Aita Santuak Elizan duen betekizuna azaldu eta berarengan egunero otoitz egitean saiatu nintzen baita ere.

Ni txikitan katekesian ikasitakoaz gauza askoz gogoratzen naiz oraindik, eta berdin gerta litzateke neska-mutil hauekin; betirako gauza garrantzitsuenak ikasita dauzkate.

Irakasleak ere zerbait ikasi dezake?

Noski baietz. Lehendabizi, beste katekisten jarrera ikusteaz, zeren beti neska-mutilen kristau heziketa hobetzeko prest bait zeuden.

Beste aldetik, ikastetxen desberdintasunak asko nabari nituen; bakarrik hiru ume zihoazen erlijiozko irakasgaia ematen zuen ikastetxe batetara. Eta hauek Ebanjelioa pixka bat ezagutzen zuten, baina besteek ezer gutxi.

Gero ere, apaizak, urtez urte, ilusio berdinarekin katekesiazko kurtsoak prestatzeari jarraitzen dio. Berak eman ninduen harrera ona ikusterakoan asko ikasi nuen nik ere.

Umeen gurasoak bat datoz zuk erakutsitakoarekin?

Bazeuden guraso batzuk hilabetero apaizarekin bilerara joaten zirenak, baina gehienak ez. Aurren ama batzuk ezagutu nituen, oso atseginak eta esker onekoak katekistarekin, baina beren seme-alaben portaeraz gain, kristau bizitza ez zuen garrantzirik beraientzat, eta horrela zailagoa da umeentzat katekesian ikasitakoa praktikan jartzea. Lehenengo Jaunartzearen egunean aita-ama guztiak oso pozik zeuden eta zeremonia osoan lagunartean egon ginen denok.