Diakono egin berria

Iñaki Landa: Donostiar peto petoa. Orain arte Euskal Herrian eman ditu bere lan-urteak. Joan den Azaroan diakono ordenatu eta Erroman pasako ditu hilabete batzuk apaiztu arte.

Opus Deiko Prelatuarekin

Zergatik erabaki zenuen apaiz izatea?

Galdera hau ondo erantzuteko denbora behar da. Lehenengo eta behin, Jesu Kristoren irudiak erakarri egin ninduen. Donostiako Katedralean Artzai Onaren irudi bat dago; Jesusen jarrera hurbil eta maitagarri horrek, beti erakarri nau.

Gainera, nire gurasoek eta Mundaiz ikastetxeko maisuek besteak laguntzen erakutsi zidaten. Horregatik, besteentzat bizitzea ez zitzaidan arraroa egiten. Bestalde, Euskalerriak apaiz eta misiolari asko eman ditu. Niri, Loiolara, Arantzazura edo nire aitaren jaioterri den Matximentako elizara joateak beti gogorarazi nau, kristauok, munduko azken muturreraino ebanjelizatzera joateko beharra.

Hirugarrenez, Joan Paulo II.aren irudiak sakonki ikutu ninduen: izan ere komunikatzaile, apostolu eraginkor eta Eukaristiarekin maitemindua izan da. Bizitz-eredu osoa.

 Nahiz eta gaztea izan, zure urteak badituzu. Adin ona da zurea horrelako erabakia hartzeko?

Maitasun kontuetan inoiz ez da goizegi ez eta beranduegi ere. Unea ez da paper-arkatzaz taxutzen, bihotzarekin baizik. Niri dagokidanez, gauzak horrela suertatu zaizkit, Jaungoikoak nahita eta, horregatik, gerta litekeen modurik onenean.

Gaur egun, merezi al du apaiz izateak?

Iñaki bere senideekin

Noski baietz. Baina galderak ez luke izan behar merezi ote duen, zure bokazio ote den baizik. Bokazioa zer den? Barrutik uste osoa izatea zure lekua hemen edo han dagoela, hortxe maitatuko duzula gehien. Azalpen honek bokazio artistikoa, solidaritatea, ezkontza edo apaizgoa azaltzeko balio du.

 Nongoak dira zure inguruko apaizkideak?

Orain diakono baino ez gara. Maiatzean apaiztuko gara. 36 apazgai gara, 15 herrialdetakoak. Adibidez, Libanoko arabiar bat dago nirekin apaizten direnen artean. Opus Dei mundu mailako Eliz erakunde bat da, eta ederra da ikustea bost kontinenteetako apaizkide gaudela. Herrialde askotatik etorri ezezik, lau haizetara abiatuko gara. Ezagutzen ditut Hong-Kongen, Helsinkin, Eslovenian eta Kenian bizi diren Opus Deiko euskaldunak.

Zer diote zure familiko, lagun eta ezagunek? Bertara joateko aukerarik izan dute?

Jaungoikoari esker, bai; asko etorri dira. Nire gurasoak ere bai, larogei urte baino gehiago izan arren. Baina beste batzuk etorri ezinik gelditu badira, badakit oso gertu dauzkadala une hauetan, eta bihotzez eskertzen diet.

Zeintzuk  dira, Donostiarekiko, zure harremanak ?

Donostia nire hiria da. San Inazio parrokian bataiatu ninduten eta gero Egiako Maria Erregina eta Atotxako Frantziskotarrena izan ziren nire parrokiak. Mundaizen ikasi nuen, korazonistekin. Gero Bilbora joan nintzen, Deustuko Unibertsitatean ikastera, baina ordurako nerabezaroko elgorria pasata nuen, Donostiako leku ohikoetan. Gero, itzuli egin nintzen Aiete Ikastetxe Nagusia zuzendari izateko, zenbait urtez.

 Hurrengo pausua, diakono izatetik apaiz izatera alegia;  noizko eta non   lehenengo Meza?

 Maiatzean apaiztuko naute, berriz Erroman. Gero lehenengo Meza ospetsua Koruko Amaren elizan eman nahi nuke, Ama Birjinaren santutegia delako; horrela, orduz geroztiko nire apaiz-lanaren alde eskatuko diogu.

 Ausartuko zinateke  gazte euskaldunei mezu bat bidaltzera?

 Noski baietz. Badakit batzuek elizako erakundeaz, apaizetaz eta abarrez gaizki hitz egiten entzun dutela eta horregatik, susmagarri ematen duen zerbaiten aurrean atzera egiten dutela. Horiei, Jesusengan erreparatzeko esango nieke, beste ezertan baino lehen, eta irakur dezatela ebanjelioren bat; oso motzak dira; ia jarraian irakurtzen dira. Ziur nago ezagutzen ez duten Jesu kristo bat aurkituko dutela, eta gustatuko zaiela; irakur dezatela mendiko sermoia. Hortik aurrera, inork gehiago jakin izan nahiez gero, bere eskura nauka helbide honetan: ilandajau@gmail.com