Globalizazioa eta Ezagutzaren Gizarte aldakor honetan gizakia da erdigune

Gaztelueta, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia, punta-puntako irakaskuntzaren alde

Azken berriak

Azaroaren 18 eta 19an, Gaztelueta Fundazioak –Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin- Ezagutzaren Gizarteko Eskolari buruzko Jardunaldiak antolatu ditu Euskalduna Jauregian. Ostegunean, Abel Ariznabarreta, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuordeak emango du hasierako hitzaldia.

Bi egunetan zehar Euskadiko eta kanpoko zenbait jakitun hartuko dute hitza berbaldietan edo komunikazioetan. Osoko bilerak Estatu Batuetatik eta Europatik etorritako gonbidatuen eskuetan izango dira: Kevin Ryan (Boston Unibertsitatea), Brigid Barron (Stanford Unibertsitatea), Roy Pea (Stanford Center for Innovations in Learning izenekoaren zuzendaria), Evelyne Bevort (Sorbonako Unibertsitatea) eta Guy Haug (Europako Batzordeko aholkularia - Hezkuntza Zuzendaritza).

EAE eta Nafarroako maisuek ere hartuko dute parte: Javier Aranguren (Gazteluetako irakaslea), Konrado Mugertza (Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza saileko berrikuntza pedagogikoko Zuzendaria), Charo Reparaz (Nafarroako Unibertsitatea), Nekane Arratibel (Mondragon Unibertsitatea) eta Jose Ignacio Mir (Donostiako Erain ikastetxeko zuzendaria).

Erronkak eta helburuak argi daude: inmigrazioa eta aniztasunaren arreta, eleaniztasuna Teknologia Berrien bidez bermatzea, e-learning-aren arloko esperientzien aurkezpena, eta beharrizan bereziak dituzten ikasleentzako laguntza, besteak beste.

XX. mendeko azken hamarkadetan Industria Gizartetik Ezagutzaren Gizarterako bidea egin dugu. Globalizazioa, emigrazioa, aldaketa eta malgutasuna, eta ulertzeko gaitasuna duten teknologiak agertzea dira gizarte honen alderdietako batzuk eta, bertan, “ezagutza sortzea” bihurtu da garapen ekonomikoaren eragile. Ezagutzaren Gizarte honetan gizakia da erdigune, onerako eta txarrerako.

• Zer-nolako parametroak kontuan hartu behar dira erdi mailako irakaskuntzako ikastetxeak Ezagutzaren Gizartearen etorkizunari ondo baino hobeto aurre egiteko egokitzerako orduan?

• Hezkuntza Komunitateak egoki presta al dezake bere burua, egoera berri hori arrakastaz bizitzeko?

• Teknologia Berriak erabiliz, zein esperientzia pedagogiko gauzatzen ari dira izen handiko ikastetxeak?

Galdera horien erantzun teorikoak alde batera utzi gabe, asmoa da Eskolak Ezagutzaren Gizartearen aurrean daukan erronka sozial, antropologiko eta teknologikorako baliagarriak izan daitezkeen erantzun praktikoak entzun ahal izateko foroa eskaintzea.

Hezkuntzako VI. Nazioarteko Jardunaldi hauetan Teknologia Berriak erdi mailako irakaskuntzetan ezartzeari buruzko esperientziak aurkeztu eta elkartrukatzeko gogoa dauka Gazteluetak, esperientzia horiek ikastetxe eta bisitarientzako bide-erakusle izan daitezen, denak partaide diren erronka honen aurrean.

Horretarako Gaztelueta Fundazioak, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Teknologia Berriekin eta e-learning-arekin lotura duten enpresen, eta nazioarteko nahiz estatuko izen handiko adituen laguntza izango du oraingo honetan ere bai.