Helsinkiko gotzain berria eta munduko elizbarruti txikienetako baten erronkak

Ramon Goyarrola Helsinkiko Gotzain izendatu du berriki Aita Santu Frantziskok. Hedabide batzuk Opus Deiko apaiz honen historia ezagutarazi dute, Finlandian duela ia 20 urte bizi dena.

Ramon Goyarrola, Helsinkiko apezpiku berria
Ramon Goyarrola, Helsinkiko apezpiku berria

Bilbotar peto petoa da Ramon Goyarrola (1969). Gogotsu eta adorez beterik jaso du Helsinkiko gotzain izendapena orain dela gutxi. Ongi ezagutzen du bertako Elizbarrutia, han aritu baita orain arte Bikario orokor gisa. Dioenez, lasai dago otoitzean hausnartu eta gogoan erabili duelako Aita Santuaren izendapena, berriki onartu duena.

Ramonek medikuntza estudiatu zuen Nafarroako Unibertsitatean eta lizentziatura amaitu eta urte batzuk geroago apaiz sagaratu zuten. Duela ia 20 urte lurreratu zen lehenengoz Helsinkin. Urte hartan hiriko gotzainak Opus Deiko Prelatuari eskatu zion apaizen bat bidal zezala herrialdeko ebanjelizazio lanetan laguntzeko.

Halatan, maletak egin eta Europako Iparraldera jo zuen Ramonek eta, dioenez, ezer gutxi kostatu zaio herrialde hain hotz batera ohitzea, arrotz zitzaizkion hizkuntza eta kulturekin, eta eguzki orduak hain urri dituena. Bertakoek ponte-izena, Ramon, aldatu eta beste bat jarri zioten, Raimo, finlandiarren belarrietara hobeto jotzen duena. Hainbat hedabideri (The Objective edo El Correo-ri, adibidez) eskainitako elkarrizketetan esan duenez, Iparraldearen maitemindu bat da umetatik, Europako Iparraldeko herriek bere interesa era berezian erakarri zutelarik.

Herrialdeko apaiz katolikoen eskasiak (30ren bat besterik ez dago) eragin du Ramonek oso eginkizun ezberdinetan jardun behar izana. Urteetan kapilau aritu da Opus Dei bultzatzen duen eta Helsinkin kokatzen den Unibertsitate Egoitza batean, herrialdeko gazte askorekin kontaktua izan duelarik. Gero posizio bera izan zuen Helsinki Commercial Collegen. Gainera, kartzela eta armadako pastoralaz arduratu da.

Laster larratuko duen elizbarrutia munduko txiro eta sekularrenetako bat da, 16.000 fededun katoliko besterik ez dituena, populazio osoaren %1 baino gutxiago, eta 8 parrokia. Ia sinestedun guztiak luthertarrak dira (%68), %1,1 ortodoxoak eta gainontzekoak, ateo edo agnostikoak. Kristau elizen aniztasun honek, hain zuzen, erreferente bihurtzen du herrialdea erlijioarteko dialogoan, ekumenismo sendo bat eta sinisteen arteko begirunea ezaugarr bereziak dituena. Ramonek berak maiz nabarmendu du atentzio ematen diola finlandiarren entzuteko eta ulerkor izateko gaitasuna. El Correon aitortu zuen moduan, “hemengo jendeak ez du aurreiritzirik eta badaki entzuten: baliteke ideia oso ezberdinak edukitzea baina begirunea diote elkarri eta besteengandik zerbait ikas dezaketela pentsatzen dute. Europako hegoaldean, berriz, etsai gisa begiratuko liokete elkarri. Hemen badago on komun bat, norberaren ikuspegiaren gainetik dagoena”. Ondo baino hobeto ezagutzen du Ramonek Elizbarrutian pairatzen den lazeria ekonomikoa. Umoretsu kontatzen du pobreak direla eta elizbarrutian duten diru apurra berogailua ordaintzeko erabiltzen dutela, tenperatura baxuak direla-eta.

Bi arazo ikusten du Goyarrolak herrialdean bereziki konpondu beharrekoak: alkoholismo eta suizidioa, zeinen sendabidea soilik Jainkoak ematen duen Zoriontasunean (hau maiuskulaz idatzia) aurki daitekeen. Azaroan sagaratuko dute gotzain eta, hala, Ramon Jainko herriaren zati txiki honen buruan jarriko da eta baita ere Finlandiak aurrean dituen erronkei aurpegia ematen hasi. Han ez du bakarrik iparraldeko haize hotzak jotzen, Espiritu Santuarena ere badabil-eta.